(G4-EC7) (G4-EC8)
Gizarteak osotzat hartzen du portua, administrazio publikoek eta enpresa pribatuek osatutako zerbitzu-enpresa integratu gisa, 2.2. atalean adierazten denez.
Eragin ekonomikoaren ikerketen bidez defini daiteke nolakoa den portuak lurralde, eskualde edo herrialde baten jarduera orokorrean duen parte-hartzea. Ikerketek balio dute eta erabili izan dira gizarteari portuaren garrantzia ezagutarazteko, eta laguntza sozial eta ekonomikoak lortzeko, baina baita barne-kalitatearen kudeaketa indartzeko ere (beste portu batzuekiko alderaketan benchmarking-a eginez).
Eragin sozioekonomikoaren adierazleek kontuan hartzen dituzte zenbat lanpostu sortu diren eta zer balio erantsi gordin dagoen probintzia, lurralde edo herrialdearen balio totalekin konparatuta.
Zuzeneko eraginak zehazteko azterketek Portua zerbitzu-enpresa integratuaren elementu sozioekonomikoen analisia eta kuantifikazioa izan dituzte oinarri, eta zeharkako eraginak eta induzituak zehazteko, dagozkien EAEko input-output taulak.
E_14 eta E_15 Erantsitako taulan, Portu enpresa guztiko zuzeneko, zeharkako eta induzitutako lanpostu-kopurua eta BPGa ematen dira.
Osagarri gisa, eta Bilboko Portuko jardueraren garrantzia balioztatzeko, Portuko lanpostu-kopurua eta BPGa ematen dira, Bizkaiko eta EAEkoarekin konparatuta.
Zuzenekoak | Zeharkakoak | Induzituak | GUZTIZKOA Portua | % Bizkaia | % EAE | |
---|---|---|---|---|---|---|
Enplegua | 4.700 | 3.900 | 2.900 | 11.500 | 2,53% | 1,3% |
BPG, milioi eurokotan | 338 | 334 | 210 | 882 | 2,55% | 1,29% |
Datu horiek Bilboko Portuaren ekarpen sozioekonomikoari buruzko Azterlanetik (2015) atera dira; Bilboko Portuko Agintaritzak eskatuta egin da azterlana. Azterlan horretan, lau jarduera hauen eragina aztertu da: merkantzien garraioa, industria-enpresak, gurutzaontzien trafikoa eta inbertsioak. Azterketa ekarpenen sei ikuspegi hauek kontuan hartuta egin da: kapital ekonomikoa, egitura-kapitala, ingurumen-kapitala, gizarte-kapitala, harremanen kapitala eta ospe-kapitala.
Kapital ekonomikoaren arloan, ondorioztatzen da enpresek 318,5 milioi euro aurrezten dituztela urtean Bilboko Portuari esker, eta EAEk portuaren bidez egindako esportazioak/inportazioak 13.162 milioi eurokoak izan zirela 2016an.
Egitura-kapitalari dagokionez, nabarmentzekoak dira puntu hauek: Bilboko portuak ez du mugarik itsasontziak jasotzeko; portuko bezeroek, ontzietakoek eta merkantzietakoek, 10 puntutik 7,3ko balorazioa ematen diete zerbitzuen kalitateari eta esperientzia profesionalari; enpresek 78.600 ordu baino gehiago aurreztu dituzte izapideetan Portuko Agintaritzak e-puertobilbao plataforma martxan jarriz geroztik; eta mundu guztiko 900 porturekin konektatuta dago.
Ingurumen-kapitalean, portuko instalazioetan jasotako hondakinen % 46 balorizagarri gisa sailkatu da; enpresen % 80k neurriak hartu ditu kontsumo elektrikoa murrizteko. Urteko egunen % 99,5ean, airearen kalitatea ona edo onargarria da ibaiertzeko udalerrietan; eta, hondakin arriskutsuak jasotzearen ondorioz, 3.150 milioi litro ur ez ziren kutsatu 2011-2015 aldian.
Gizarte-kapitalean, hiru puntu dira nabarmentzekoak:
Bizkaiko ikasleen % 5,3k portua ezagutu zuen 2014an, Ezagutu Portua programaren bidez; ibaiertzeko udalerrietako langabetuentzako onlineko trebakuntza-programak % 46ko ratioa du lan-munduan txertatzeari dagokionez; eta portuak, 1993-2016 aldian, azpiegitura sozialetan 830.000 metro karratu garatzen lagundu du.
Bestalde, harremanei dagokienez, 2.800 eragile publiko edo pribatu baino gehiago harremanetan daude portuarekin, eta 60 kide ditu nazioarteko proiektuak garatzeko.
Azkenik, ospe-kapitalean, portuaren bezero diren enpresen gogobetetze-maila globalaren indizea % 75 da, eta herritarren % 80k balorazio ona edo oso ona egiten du.
Azterketaren ondorio orokor gisa, baieztatzen da Bilboko Portua Bizkaiko eta EAE guztiko ekonomiaren funtsezko motorra dela, aberastasuna eta enplegua sortzen laguntzen duela, eta bultzada ematen diola euskal enpresa-sareari nazioarteko merkatu berrietara zabaltzeko.