ESTRATEGIA (G4-2) (G4-3)
2018-2022 Plan Estrategikoan deskribatzen ditu Portuko Agintaritzak helburu hauek lortzeko oinarriak: ardatz atlantikoko trafikoetan Bilbo erreferentziako portua izateko, bere eragin-eremuko sektore industrialen premia logistikoei erantzuteko eta nazioarteko merkataritzan bere bezeroen lehiakortasuna hobetzen jarraitzeko behar direnak.
- Bost urteren buruan 37 milioi tona gainditzea dute xede Planaren bost ardatz estrategikoek,
- eta lidergoa sendotzea eta trafikoa berreskuratzea Portuaren eragin-eremuan, bai eta gainerako fatxada atlantikoetan ere (Ipar Amerikan eta Erdialdeko Amerikan, adibidez).
- Horretarako, plan komertzial berri bat prestatzeaz gain, prezioak pixkanaka jaistea proposatzen du, Portuaren lehiakortasunari laguntzearren.
Bezeroa du ardatz Bilboko Portuko Agintaritzak aurkezten duen Plan Estrategikoak, eta hauek lortzeko oinarriak jartzen ditu: ardatz atlantikoko trafikoetan Bilbo erreferentziako portua izateko, bere eragin-eremuko sektore industrialen premia logistikoei erantzuteko eta nazioarteko merkataritzan bere bezeroen lehiakortasuna hobetzen jarraitzeko behar direnak. Eraginkortasunari dagokionez, jarduera hobetzea eta balio-kate osoaren lehiakortasuna sustatzea da Portuaren xedea. Izan ere, handia da operadore logistikoen arteko lehia Portuaren eragin-eremuan.
Bost ardatz estrategiko nagusi ditu Portuko Agintaritzaren 2018-2022 Plan Estrategikoak, kanpoko hiru eta barruko bi:
- Hazkundea eta lehiakortasuna, non sartzen baitira ontziari eta merkantziari eskaintzen zaizkien zerbitzuen kostua eta kalitatea optimizatzea; konektibitatea hobetzea, ardatz atlantikoko sarrera- eta irteera-puntu nagusi gisa finkatu dadin; portuko ezarpen logistikoak handitzea; eta portu adimendunaren kontzeptua sustatzen jarraitzea.
- Eragin ekonomikoari dagokionez, berriz, kluster estrategikoen premia logistikoak ase behar ditu Portuak, azpiegitura intermodala sortu, eta balio-sorrera eta gurutzaontzien trafikoa bultzatzen dituen lurzoruaren okupazioa lehenetsi.
- Onura sozialaren alorrean, berriz, bere inguruko gizarte-talde guztiak hartu behar ditu aintzat Portuak, bere komunitateari zabalik egon, eta ingurumen-kudeaketa indartu.
- Kudeaketaren bikaintasunak, bestalde, hau eskatzen du: jardueraren ardatz nagusitzat bezeroa hartzea erakundeak; talde-lana sustatzea, bezeroari arreta emateko prozesuak eta proiektuak bultzatzea, eta inguruan izaten diren aldaketei aurrea hartzeko jarrera etengabea.
- Jasangarritasun ekonomikoaren eta finantzarioaren arloan, oreka ekonomiko-finantzario egokiari eusten saiatu behar du Portuko Agintaritzak, datozen urteotako diru-sarrerak, baliabide-sorrera, inbertsioak eta ustiapen-gastuak kontuan harturik.
Ardatz estrategiko horiek abiapuntu dituela, 2022an 37 milioi tonaren langa gainditzea espero du Bilboko Portuak, hots, urtean % 2,7ko hazkundea izatea, batez beste. Horretarako prestatu den berariazko plan komertzialak, berriz, erakarmenaren eta jarduera-ahalmenaren arabera sailkatzen ditu trafiko nagusiak, eta helburu hauek lortzen lagundu behar du: Portuaren inguruko eragin-eremuan lidergoa sendotzen eta trafikoak berreskuratzen, eta foreland estrategikoa erakartzen Europa atlantikoan eta gainerako fatxada atlantikoetan; besteak beste, Ipar Amerikan eta Erdialdeko Amerikan, Indian eta Txinan.
Helburu horiek lortzeko, prezioak jaitsi egingo ditu Portuko Agintaritzak, pixkanaka, 2022ra arte, Plan Estrategikoari jarraikiz. Urtean 5,6 milioi eurorainokoa izango da prezio-jaitsiera.
Beste zenbait abantailaren artean, hauek ditu Portuak xede horiek lortzeko: kokapen ezin egokiagoa Bizkaiko Golkoan, eskualde osoan trafiko gehiena sortzen duena izatea, eta egoera ekonomiko-finantzario sendoa. Bestalde, era guztietako merkantziak har ditzake, azpiegitura dibertsifikatuak ditu eta, handitze-fasean, gainera. Halaber, nabarmen da nagusi Bilbo kontainer eta likidoen trafikoan, bai eta trafiko konbentzionalean ere, iparraldeko Atlantikoan, eta azken lau urteotan portu-sistemaren batezbestekoa baino gehiago hazi da.
Horrekin batera, klima-aldaketaren aurka borrokatzeko borondate global trinkoak sustatu egin dezake itsasoko garraioa, beste garraio-mota batzuek emisio gutxiago sortzen baititu, oro har.
Bilboko Portuak euskarri dituen balioak eta eman nahi duen ikuspegia du oinarri Plan osoak. Honenbestez, helburu hauek ditu Portuak: ardatz atlantikoko trafikoetan Bilbo erreferentziako portua izatea, eskualdeko sektore industrial estrategikoen premia logistikoei erantzutea, eta nazioarteko merkataritzan bere bezeroen lehiakortasuna hobetzen jarraitzea. Helburu (G4-4) du, halaber, Bilboko Portuaren bezeroen lehiakortasuna sustatzea eta, hartara, bere eragin-eremuaren garapen sozioekonomikoari laguntzea; eta balioak (G4-56) hauek ditu: lehentasuna bezeroari ematea; bikaintasuna, etika eta profesionaltasuna; talde-lana; pertsonekiko konpromisoa, eta gizarte-erantzukizuna.