Bilboko Portuak berrikuntza- eta ikerketa-zentro bat izango du 2019ko uztailetik.
- Bilboko Portuko Agintaritzak berrikuntza- eta ikerketa-zentro bat izango du, haren beharra duten portuko enpresei eta sektoreko startup, doktoregai eta ikertzaileei zuzendua. 200 m2 izango ditu, eta prest egongo da 2019ko uztailerako.
- Berrikuntza-zentro horretan, portuko enpresek 4.0 portuen eredura aldatzeko hautemandako beharrak eta sektoreko enpresa ekintzaile, startup, doktoregai eta ikertzaileek garatu beharreko ideia eta proiektuak uztartu nahi dira.
- Azken batean, Bilboko portuan berrikuntza-ingurunea eta -giroa sustatzen lagundu nahi dugu, eta behar diren baliabideak eskaini, sektorearen benetako arazoak konpontzen dituzten ideia eta proiektuek aurrera egin ahal izan dezaten.
- Horrela, Bilboko portuko Berrikuntza Zentroak coworking-erako espazio bat ere izango du startup-etarako, baita erakustaldiak, aurkezpenak eta jardunaldiak egiteko espazio bat eta bezero eta hornitzaileen bisitak jasotzeko egokitutako gune bat ere.

Hiru fasetan garatuko da plana:
- Lehenengo deialdia, hasierako fasean dauden edo sortzen ari diren ideia edo startup-etarako,
- Gero, hautatutako ideiak inkubatzeko edo azeleratzeko prozesua (portuetako azelerazio-bulego korporatiboek garatuko dute). Azkenik,
- Diru-laguntzen beste deialdi bat, merkaturatu aurreko fasean eta merkaturatze-fasean dauden proiektuetarako.
Lau ardatz hauei buruzkoak izan daitezke proiektu eta ideiak:
- Azpiegituretako, operazioetako edo zerbitzuetako eraginkortasun logistikoa. Hortaz, proiektu aukeragarriak gai hauei buruzkoak izan daitezke: terminaletako operazioak automatizatzeko irtenbideak, ibilgailu autonomoen ezarpena, prozesuak optimizatzeko edo eredu prediktiboak garatzeko datuen erabilera, kate logistikoko trazabilitate-sistemak, etab.
- Prozesuen eta plataforma adimendunen digitalizazioa. Kasu honetan, besteak beste hauek garatzeaz dihardu planak: portuetako logistikaren sektoreko eragileei datuak trukatzeko aukera emango dieten plataformak, portu adimenduneko sistemak, beste sektore batzuekiko integrazio digitala, eta blockchain teknologiaren bidez eragiketak eta informazioa fidagarriak eta gardenak izatea ahalbidetuko duten sistemak.
- Ingurumen-jasangarritasuna eta energia. Horrela, gai hauei buruzko proiektuak finantzatuko dira, besteak beste: portuetako zerbitzuak ematerakoan edozein eratako isuriak murriztera bideratuta dauden energia-eraginkortasunari buruzkoak, ekonomia zirkularra sustatzeari buruzkoak, eta ordezko erregaien erabilera sustatzeari buruzkoak.
- Segurtasuna eta babesa. Era honetako proposamenak garatzea aipatzen du planak: teledetekzioa, alerta goiztiarra, arrisku fisikoaren kudeaketa, zibersegurtasun-sistemak, eta kontrol eta prozesuen automatizazioa.