Progeco enpresak produktu izoztuentzako biltegi berria inauguratu du Bilboko Portuan, ZAD-3n. Biltegiak 300 m2-ko aurreganbara bat du, salgaiak jaso, paletetan jarri eta bidaltzeko, eta 550 m2-ko biltegiratze-eremu bat, 1.100 paletentzako edukiera duten apaletan. Arrain, itsaski eta haragi izoztuak izango dira salgai nagusiak.
Progeco arduratuko da biltegiko operatiboaz, eta Altius, Grupo Davilakoa, merkaturatzeaz. Azpiegitura horretan 1,2 milioi euroko inbertsioa egin da, gutxi gorabehera, eta horri bigarren fase bat gehituko zaio.
Inaugurazioan izan dira Eduardo Davila Grupo Davilako presidentea; Pablo Bilbao Progecoko presidentea; Jimmy Jaber Uniporteko presidentea; eta Ivan Jimenez Bilboko Portuko Agintaritzako presidentea.
Progecok hotz positiboarekin jarduten du Bilboko Portuan 2011tik. Enpresak bere azalera handitu du, 500 m2-tik gaur egungo 8.000 m2-ko hotz positibora, izozte-biltegi berri honi esker.
Progeco Bilbaori buruz
1985. urteaz geroztik, Progecok kontainer-base zerbitzuak, biltegiratze logistikoa eta salgaien garraioa eskaintzen ditu Bilboko Portuan, industria- eta merkataritza-espektro osoko bezeroentzat. 105.000 m2-ko azalera operatiboa du ZAD-1, ZAD-2, ZAD-3 eta A2 kaia eremuetan; %50 nabeetan eta landetan banatuta dago. ZAD-3k 25.000 m2-ko nabe bat du, salgai paletizatuak biltzeko, eta 10.000 m2 ditu produktu galkorrekin lan egiteko. Tenperatura kontrolatuko bi ganbera ditu, 4.000 eta 3.000 paleterako edukierakoak, hurrenez hurren. Era berean, edukiontzi hoztuen depota (reefer) du, eta Carrier, Thermo King eta Star Cool reefer ekipo-fabrikatzaileen Bilboko banatzaile baimendu bakarra da.
Progeco Bilbaok ISO 14.100, ISO 45.000, IFS, OEA eta EcoVadis ziurtagiriak ditu. Aurrekontuaren %7 jasangarritasuna-alorrera bideratzen du, eta emisioak murrizteko programa integral bat garatu du: eskorga elektrikoen parke oso bat, gas-emisio gabeko eskorga astunak, Euro 6 kamioi berriak, furgoneta elektrikoak eta instalazioen kontsumo elektrikoaren %35a sortzen duen instalazio fotovoltaikoa.
Altiusi buruz
Altius (ADUANAS LOGÍSTICA TRANSPORTES E INTERMEDIACIÓN EN UNIDADES DE SERVICIO, S.A.), Grupo Davilakoa, erreferentzia nazionaleko enpresa da produktu galkorren aduana-agentzian eta irtenbide logistiko integraletan. Itsasoko, aireko eta lurreko garraio-zerbitzuak, aduana-kudeaketa eta nazioarteko proiektu logistikoak eskaintzen ditu, industria- eta offshore-eragiketak barne. Karga berezien, bolumen handien eta hoztutako edo izoztutako salgaien kudeaketan duen esperientziagatik nabarmentzen da, hotz-katearen jarraitutasuna bermatzen baitu. Latinoamerikan eta Estatu Batuetan presentzia izanik, Altiusek gaitasun operatiboa, esperientzia teknikoa eta eragiketa konplexuetara egokitutako atez ateko soluzioak konbinatzen ditu.
Porturako sarbidea