• 334.000 m2-ko azalera izango du, eta lizitazioaren prezioa 125,03 milioi euro da.
• Portuko Agintaritzaren baliabideekin finantzatuko da % 80, eta gainerako % 20a Europako Batzordeak emango du, proiektu estrategikotzat jotzen baita.
• Lurzoru-eskaera eta gaur egungo okupazio-maila (% 80) ikusirik, komeni da eremu bat sortzea negozio-aukera berriei lekua egiteko.
• Lehiaketan, Punta Luceroko harrobia egonkortzeko proiektua sartzen da. Harrobitik, soberakinak aterako dira, bi obrak aldi berean egingo baitira.
Bilboko Portuko Agintaritzak enkantera atera du Kanpoko Abran kai berri bat eraikitzeko obren lehen fasea, 125,03 milioi euroren truke (BEZa aparte). Europako Batzordeak 23,24 milioi euroko diru-laguntza eman du, Connecting Europe Facility (CEF) programari lotuta, “Future Proofing Bilbao – Core Port of The Atlantic Corridor” proposamenaren barruan, proiektu estrategikotzat jotzen baitu.
Aurreikusten da lehen fasea 2019an bukatuko dela. 334.000 m2-ko azalera hartuko dio itsasoari; 1.081 metroko atrakatze-lerroa izango du, eta 21 metroko sakonera. Kaia bukatzen denean, 600.000 m2-ko azalera izango du; haren erdia baino gehiago obra honekin lortuko da.
Zabaldegi berriari Erdialdeko Kai Muturra esango zaio, kokapenagatik (Zierbenako dikeak eta kontradikeak babestutako gunea). Oso-osorik aprobetxatuko da, eta aukera emango du proiektu pribatu berriak finkatzeko eta trafiko berriak hartzeko eskaerari erantzuteko.
Obra estrategikoa
Atlantikoko korridoreko portu nagusietako bat da Bilbo, eta % 80ko okupazioa du, gutxi gorabehera. Hurrengo urteetarako, trafikoa haztea aurreikusten da, eta portuan lurzoru-eskaera etengabea da; horrek pentsarazten du 2020an bere gaitasunaren mugara hel daitekeela Bilboko Portua. Hori dela eta, aurten lurzoru berria sortzeko obrei ekiten ez bazaie, aukerak galduko dira, eta beste norabait joango dira kostu logistikoak murrizteko edo errepidez garraiatu ezin diren produktuak ekoizten dituztelako portu-eremu handietan kokatu behar izaten duten enpresak.
Horrez gain, Europar Batasunak aurreikusten du itsasoko pilaketa arazo larria izango dela Europa guztiko portuentzat 2030ean, baita Atlantikoko korridoreko portuetan ere, trafikoa hazten ari baita. Horren ondorioz, itsasontziari erantzuteko denbora luzatu egingo da neurriagatik eta kargatzen eta deskargatzen den merkantzia-kantitateagatik, eta, halaber, itsasontziek denbora gehiago itxaron beharko dute portura sartzeko. Hori dela eta, Europar Batasunaren diru-laguntza proiektu global batean sartzen da, portuaren gaitasuna handitzeko helburuarekin. Halaber, proiektu globala bukatzen denean, portu-eremu barruko pilaketa % 20 murriztuko da, eta hori lagungarria izango da berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko.
Halaber, proiektuari esker, lehiakortasuna handituko da, eskualdeko garapen ekonomikoa sustatuko da, eta ingurumen-inpaktu txikiagoa duten garraiobideak erabiltzea bultzatuko da.
Portuko Agintaritzak aurreikusten du, zehazki, eremu hori ezartze mistoetarako eta trafiko berrietarako erabiltzea.
Punta Luceroko harrobiaren egonkortzea
Erdialdeko Kai Muturraren lizitazioan eta ondorengo esleipenean, Punta Luceroko harrobi zaharra egonkortzea ere sartuko da. Izan ere, bi obrak independenteak diren arren eta arrazoi desberdinengatik egin arren, aldi berean egingo dira, eta, lanak bat eginez gero, harrobitik ateratzen den soberakina kaia betetzeko aprobetxa daiteke.
Bilboko Portuko Agintaritza aspalditik ari da harrobi zahar horren segurtasuna, inguruko enpresen segurtasuna eta obra horren iraunkortasuna bermatzeko zenbait aukera aztertzen. Harrobi hori Zierbenan dago, eta Bilboko Portua hedatzeko materiala lortzeko ustiatu zen 1970eko hamarkadatik duela 15 bat urtera arte. Parterik handienean, itxura egonkorra du, arroka-lauzen posizioak eta inklinazioak eragin nabarmena duten eremu batean izan ezik; eremu hori narriatzen ari da pixkanaka, euriaren eta tenperaturen eraginez.
Eremu horretako luizien eraginez, itxi egin behar izan dute behetik pasatzen den bidea, segurtasun-arrazoiak direla eta, eta hormigoizko blokeak jarri behar izan dituzte, hegalean mugitzen diren harriak handik hurbil dauden produktu petrokimikoen biltegietaraino ez iristeko. Hartutako neurri horiek behin-behinekoak dira, eta beharrezkoa da inguruneari soluzio iraunkor bat ematea; hala, portuko jarduerak behar bezala gauzatzeko behar den segurtasuna lortuko da, bai bidean kamioiak ibiltzeari dagokionez, bai ontziratu gabeko likidoen biltegiratzeari dagokionez.
Horregatik, kaltetutako eremuaren aurretiazko azterketa bat egitea eta ondoren garapen bat egitea erabaki zen, hegalari egonkortasuna emateko alternatibak ezartzeko. Ainguraketa eta sare bidez eusteko aukerak baztertu egin ziren, epe ertain eta luzera ondo eutsiko ez zietelako; beraz, erabaki zen eremu horretan hegala birprofilatuz egonkortzea. Horretarako, ezponda eta berma egokiak jarriko dira, segurtasuna eta iraunkortasuna epe luzean bermatzeko. Birprofilatze horrek soberakina sortzen du, eta kendu eta beste nonbait utzi behar da. Hori dela eta, Punta Luceroko hegala egonkortzearen ondorioz sortzen den soberakina Erdialdeko Kai Muturra betetzeko aprobetxatuko da; hala, bi obrak konpentsatuko dira.
Horrenbestez, lehen esan bezala, Punta Lucero egonkortzeko lanak eta Erdialdeko Kai Muturreko obrak independenteak dira, baina lehiaketa publiko bakar batean bilduko dira biak, elkarrekin koordinatzeko eta, hala, bien erritmoak optimizatzeko.