Etapa berri bati ekin dio Bilboko Portuko Agintaritzak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Paziente Bizia programa dela eta, enpresako langile erretiratuek ere balia baitezakete jada. Bi hilabetez egingo dira lantegiak, astero, 8-15 laguneko taldetan.
Hau da Paziente Bizia programaren helburu nagusia: gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak eta haien zaintzaileak gaitzea gaixotasuna ezagut dezaten, eta osasun-egoera hobetzeko lagungarri diren ohitura eta jarrera baliagarriak ikas ditzaten.
Autozainketako heziketa-programa horren xedea ez da osasun-profesionalen zeregina ordeztea, osatzea baizik. Bi begiralek gidatzen dituzte talde guztiak. Begiraleetako bat gaixotasun kronikoa duen norbait da, eta bestea, berriz, osasun-profesional bat, baina ez da horrela aurkezten, begirale gisa baizik, gainerako taldeekiko berdintasuna ez apurtzeko.
Aurtengo martxoan jarri du martxan Bilboko Portuko Agintaritzak bere langileen artean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Paziente Bizia programa, eta hori egin duen lehen enpresa izan da. Portu Osasuntsua proiektuaren mendekoa da ekimen hori. 2014an sortua da proiektua, eta hau du helburu: Portuko profesionalen garapen integrala (fisikoa, mentala, soziala eta kulturala).