Aurten ere Europako fruta- eta barazki-azoka nagusian, Fruit Logistican, izango dira Bilboko Portua eta Mercabilbao, otsailaren 7tik 9ra, Berlinen.
Espainiako Estatuko portuen standean (23. pabilioia, E-05 zenbakia) jarriko dituzte ikusgai lehiatzeko dituzten abantailak eta, honenbestez, Hego Amerikatik eta Erdialdeko Amerikatik datorren trafikoaren sarrera-portu bihurtzeko arrazoiak, eta Europara zein iberiar penintsulako herrialdeetara frutak eta barazkiak bidaltzeko daukaten ahalmena. Zalantzarik gabe, fruta eta barazkien errepideko garraioaren alternatiba egokia da Portuaren eta Mercabilbaoren eskaintza, bai eta barazki eta frutaren inportazio eta esportaziorako Espainiako Estatuaren iparraldeko elikagaien hub gisara sendotzeko ahalegina ere.
Horretarako, puntako instalazioak dituzte bi erakunde horiek, eta mundu osoko 900 bat porturekin lotzen dituzten itsas zerbitzu ugari.
2017an, 136.000 tonakoa izan zen fruta-eta barazki-trafikoa Bilboko portuan. Batez ere ortuariak, tipulak, baratxuriak, porruak, patatak eta zitrikoak jaso eta esportatu ziren.
Herrialdeei dagokienez, nagusi dira Erresuma Baturako, Irlandarako, Suediarako eta Kanadarako esportazioak. Inportazioei dagokienez, berriz, nabarmentzekoak dira Erresuma Batutik, Perutik, Indiatik, Herbehereetatik eta Txiletik egindakoak.
Eragiketa azkarragoak, sarbide automatizatu berriari esker
Bilboko Portuak Espainiako iparraldeko kontainer-terminalik garrantzitsuena du, eta, portu-sakonerarik handienekoa. Noatum Container Terminal Bilbaok kudeatzen du terminala, non 540 entxufe-hargune dauden reefer kontainerretarako. Urtean 365 egunez eta egunean 24 orduz kontrolatzen eta monitorizatzen da kontainerren tenperatura. Haien biltegian egiten da Crossdocking deritzon zerbitzua, hots, hoztutako merkantziaren kargatze- eta deskargatze-lana, horretarako berariaz egokitutako ingurune batean. Gainera, kontainerretan iristen den hoztutako merkantzia jasotzen du, trenez, terminaleko instalazioetan (450 m-ko lau trenbide; laster, 550 m-raino luzatuko dira).
Duela gutxi, Noatum Container Terminal Bilbaok eta Portuko Agintaritzak sarrera automatizatuko prozedura bat ezarri dute kontainer-terminaleko ate berrietan. Irailean jarri dute martxan prozedura, zeinak bizkortu eta erraztu egiten baitu lana, produktu freskoen garraiolariena ere barne dela.
Bestetik, produktu galkorrentzako terminal bat du portuak (Frioport), 25.000 metro kubikokoa (5.000 tona produkturen baliokidea). Hainbat biltegiratze-moduluri esker, tenperatura desberdinetan biltegiratu daitezke merkantziak: +12 eta -5 °C artean produktu fresko eta hoztuak eta -22 °C arte produktu izoztuak.
Gainera, biltegi pribatuak ditu, hala nola Progeco Bilbaorenak, zeinak 12 kai baititu —800 metro karratu inguru— cross-docking-erako (hau da, produktu galkorrak hozkailu-kamioiko tenperatura kontrolatutik kontainerrera pasatzeko). Hego Ameriketatik eta Afrikatik datozen frutak eta barazkiak sartzeko, muga-ikuskaritzako postu (MIP) bat du Bilboko Portuak, 16 deskarga-kaikoa.
Itsaso bidezko konexioak osatzeko, izapideak azkar egiten dira, eta tren-zerbitzu intermodalek Bilborekin lotzen dituzte Gasteiz, Burgos, Madril, Guadalajara, Sevilla, Zaragoza, Bartzelona, Castelló, Valentzia eta Murtzia. Azken horrek hozkailu-trenen zerbitzu erregular bat du, Nonduermasetik abiatzen dena.
Mercabilbao
Kokapen estrategikoa du Mercabilbaok: Paris-Hendaia-Madril ardatzaren bidegurutzetik oso gertu dago, Kantauriko autobidearen ondoan, eta zuzeneko lotura du autobide-sarearekin. Hori dela eta, leku ezin egokiagoan daude Mercabilbao eta Bilboko Portua) nazioartera hedatzeko estrategia behar bezala gauzatzeko. Lehiatzeko abantaila dakarkie kokapen horrek barazki- eta fruta-sektoreko operadoreei, zenbait aldetatik begiratuta: baliabideak, dirua, denbora, azpiegiturak, biltegi logistikoak… 2017an, 219 milioi kilo fruta eta barazki igaro ziren Mercabilbaoren instalazioetatik.