Portuko Agintaritzaren Administrazio Kontseiluak Haizea Bilbao SLren emakida-azalera handitzea onartu du. Grupo Haizea Wind-en enpresak 128.668 m2 gehigarri izango ditu, gaur egun duen azalerarekin mugakide diren AZ-2 eta AZ-3 Kaietan dauden espazioei lotuak, bere hazkunde eta faseka handitzeko planarekin jarraitzeko eta Bilboko Portua sektore eolikoaren erreferente gisa sendotzen laguntzeko.
Handitze horrekin, offshore dorre eta zimenduen fabrikatzaileak, zeinak 300 milioi eurotik gorako inbertsioa egin baitu kaiaren alboko instalazioetan, 340.000 m2 inguruko azalera emakidatua izango du Bilbon.
Emakidatutako azalera berria partzialki lotuta dago Servicios Logisticos Portuarios – SLP eta Siemens Gamesa Renewable Energy Eolica enpresen aurreko emakidetako espazioekin. Enpresa horiek AZ-0 Kaira eta Kai-mutur Nagusira eraman dituzte beren jarduerak, hurrenez hurren, Bilboko Portuan erabilgarri dauden espazioak berrantolatzeko eta han diharduten enpresen jarduera hobetzeko.
Bilbo, eolikoen hub
Haizea Wind 2018an hasi zen portuan lanean, eta, Euskalforging, Forjas de Iraeta, Laulagun, Navacel, Nordex Acciona, Sakana, Siemens Gamesa Renewable Energy (Sgre) edo Vicinay Cadenas enpresekin batera, Bilboko Portua nazioartekotzeko aliatu gisa duten enpresetako bat da. Horietako batzuek ekoizpen-instalazioak dituzte portuan bertan, eta kaian bertan instalazioak izatearen abantailez baliatzen dira.
Bilboko Portuaren hinterland-aren ezaugarri nagusia da energia eolikoarekin lotutako enpresa ugari daudela, haien balio-kate osorako zerbitzu-hornitzaile eta -ekoizleak barne. Bereziki garrantzitsuak dira aerosorgailuen errotorearen eta nacelle-aren eremuak, baita haiekin lotutako ekipo elektrikoak ere. Halaber, Bilbao energia eolikorako osagaien fabrikatzaile nagusien esportazio- eta ekoizpen-portua da, eta salgai-mota horien garraiorako eta logistikarako beharrezko gaitasunak ditu.