Estatuan akreditatutako Europar Batasuneko enbaxadoreak Bilboko Portuko instalazioetan izan dira, zer ekimen ari den garatzen jakiteko, batez ere trantsizio energetikoari, jasangarritasunari eta konektagarritasunari dagokienez. Bisitan, Europako ordezkaritza diplomatikoak bertatik bertara ezagutu ahal izan ditu Bilbo portu berdea izateko garatzen ari den proiektuak, bere bezeroei trantsizio energetikoak eragindako inpaktuei aurre egiten laguntzen, eta, aldi berean, lurraldeko industriaren lehiakortasunari eusten laguntzen, azpiegiturak eta zerbitzuak haien behar eta eskakizunetara egokituz.
EBko hogeita bat estatu kidetako ordezkariek interes berezia jarri dute Bilboko Portua egiten ari den itsas korridore berde eta digitalak ezartzeko, Europako logistika eraginkor eta erresilientea eskaintzeko formula gisa. Logistika horrek, gainera, salgaien garraioa deskarbonizatzen laguntzen du, eta errepide bidezko ondasun-trafikoari alternatiba bat eskaintzen dio.
Era berean, ordezkaritzak egiaztatu du BilbOPS proiektuan egiten ari diren aurrerapenak, portuan dauden bitartean ontziak energia elektrikoz hornitzeko – partzialki iturri berriztagarrietatik, hala nola plaka fotovoltaikoetatik -. Horri esker, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuko dira, eta zarata eta bibrazioak minimizatu, 2027an martxan jartzen denean. Proiektu horren zati bat ‘Europa konektatzen’ mekanismoak (CEF funtsak) finantzatzen du, eta gainerakoa Bilboko Portuko Agintaritzaren funts propioek. Aipatzekoa da Europako Inbertsio Bankuarekin (EIB) 80 milioiko mailegua sinatu dela, eta horren zati bat finantzatzera bideratuko dela.
Beste gai batzuk ere landu dira topaketan: portuak sektore eolikoarentzat duen rola, bere hinterlandean balio-kate osoan espezializatutako enpresa ugari dituelako, eta horietako batzuk, hala nola Haizea Wind edo Siemens Gamesa Renewable Energy, kaian bertan dauden instalazioekin; Amsterdam eta Duisburgeko portuekin egindako hitzarmenak, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Europako zentroaren artean hidrogeno
berriztagarrien korridore bat ezartzeko; Repsol Taldeko Petronor konpainia portuan bertan eraikitzen ari den erregai sintetikoak eta hidrogeno elektrolitikoa ekoizteko instalazioak; edo Kai-mutur Nagusia handitzeko bigarren faseko obrak, 31,2 hektareako portuko azalera eta 1.011 metroko atrakatzeko kai berriak sortuko dutenak, proiektu berriak hartzeko.
Topaketa hau Danimarkako Enbaxadak antolatutako Euskadirako bisita baten barruan kokatzen da, Europar Batasuneko Kontseiluaren txandakako presidentetzarekin bat eginez. Bilboko Portua bisitatzeaz gain, enbaxadoreek bilerak egin dituzte Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin eta euskal ekonomia-, gizarte- eta kultura-sareko zenbait eragilerekin.
Ordezkaritza diplomatiko honetako kide dira Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Zipre, Kroazia, Danimarka, Eslovakia, Estonia, Finlandia, Hungaria, Irlanda, Italia, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Herbehereak, Polonia, Portugal, Errumania eta Suediako ordezkariak.