Bilboko portuko eta logistikako komunitateko 30 enpresak baino gehiagok osatutako ordezkaritza batek -Portuko Agintaritza eta Uniport kluster logistiko multimodala buru direla- Breakbulk Europen parte hartuko du berriz ere. Breakbulk eta proiektu zamaren munduko ekitaldi nagusia Rotterdamen egingo da ekainaren 16tik 18ra, 120 herrialde baino gehiagotako 12.000 profesional baino gehiago bilduz.
Hall 1 E25-F24n kokatutako standak erakusketarako, topaketarako eta bileretarako gune zabal bat eskainiko du. Bertan, Bilboko Portuko komunitate logistiko multimodalak erakutsiko du arlo eta gaitasun guztietan duen espezializazio handia, breakbulk eta proiektu-zamak eskatzen duten bezala. Horrez gain, Bilboko Portua trafikoa-mota horri dagokionez Europako erreferente bihurtzen duten azpiegitura eta ekipamenduak ere erakutsiko ditu.
Bilboko Portuaren standean, Portuko Agintaritzaz gain, terminalak, ontzi-enpresak, kontsignatarioak, garraio-kudeatzaileak, garraio bereziko enpresak, industria-enpresak, aduana-kudeaketa… eta industria aurreratuenarentzako eskaintza logistiko integrala osatzen duten zerbitzu erantsi guztiak egongo dira.
Breakbulk zamak Bilboko Portuko trafikoen % 11 hartzen du. 2025ean 3.405.175 tona salgai mugitu ziren, horietatik 1.186.649 Ro-Ro. Produktu siderurgikoak, papera eta pasta, makineria eta eraikuntzako materialak nabarmendu ziren. Distantzia laburreko zein luzeko merkatuen aniztasun zabalaren artean, honako hauek daude: Belgika, Erresuma Batua, Irlandako Errepublika, Indonesia, Taiwan, India eta Hego Korea.
Breakbulk zamaren barruan, nabarmentzekoa da zama berezia eta proiektukoa (osagai eolikoak, galdarak, transformadoreak, autobusak, tren-bagoiak, berogailuak eta pisu eta tamaina handiko edozein pieza mota). Horientzat, Bilbok esperientzia handiko profesionalak ditu zama mota honen garraioan, estibatzean, maneiatzean, trinkotzean, enbalajean eta abarretan.
Nabarmentzekoa da Bilboko Portuak nazioarteko hub eoliko gisa duen garrantzia; izan ere, bai portuaren barrutian, bai haren eragin-eremuan, osagai eolikoak fabrikatzeko instalazioak ditu, eta Bilbon dute esportatzeko hub-a.
Instalazio berritzaile baterako egitura bat kargatzeko eta lekualdatzeko eragiketa
Astero, proiektu-kargak hartzen ditu Bilboko portuak. Aurten egin direnen artean, nabarmentzekoa da eFuels Demo Unit instalazioa izango denaren egitura osatzen duten lau unitateak deskargatzeko, muntatzeko eta lekualdatzeko eragiketa logistikoa. Petronorrek (Repsol taldea) eraiki du portuko kaia industrialetako batean, eta 2027an jarriko da martxan.
Instalazio hori deskarbonizazio-hub baten parte da, hidrogeno berriztagarriko instalazio bat izango duena, 10 MW-eko elektrolizagailu batek ekoitzia, eta instalazio hori erregai sintetikoz elikatuko du.
Egiturak 160 eta 535 tona arteko pisu unitarioak zituen, eta 33 metrorainoko altuerak. Guztira, 1.200 tona pisatzen zituen, eta horren gainean muntatuko dituzte ekipo guztiak. Eragiketa konplexuan 190 profesionalek hartu zuten parte.
Energia-eredu integratua
RTE-Taren Europako Oinarrizko Sarearen funtsezko nodo den aldetik, Bilboko Portua energia-eredu integratu bat hedatzen ari da, zeinak konbinatzen baititu lurreko energiaren hornidura -EBk finantzatutako OPS sistemaren bidez-, energia berriztagarrien sorkuntza eta energiaren biltegiratzea eta erabilera partekatua.
Portuko Agintaritza, zehazki, 11 OPS konexio-puntu ari da hedatzen edukiontzien, Ro-Ro, Ro-Pax eta gurutzaontzi terminaletan. Instalatutako kapazitate elektrikoa 30 MW-etik 60 MW-era igoko da 2026rako, eta 175 MW-erako bide-orria izango du 2030erako.
Aldi berean, energia sortzeko estrategia propioa garatzen du, eguzki-energia eta haize-energia konbinatuz, eta, horri esker, ontzi-enpresei elektrizitate berdea prezio lehiakorretan eskaini ahal izango die. Hala, Bilbo izango da bete-betean AFIR ready Atlantikoko lehen portua, porturatutako ontziei energia ehuneko ehun berdea emateko gai izango dena.
Deskarbonizazio-politika horren ildotik, abenduan, Bilboko Portuak bat egin du Net-Zero Mar Aliantzarekin, Espainiako itsasoko eta portuko sektorearen deskarbonizazioa eta elektrifikazioa bultzatzeko elkartearekin.
Porturako sarbidea