Trenbide-digitalizazioak aukera emango du tren-eragiketak planifikatzeko, eta kanal bakarra izango da tartean diren eragileen artean informazioa denbora errealean trukatzeko; hala, koordinazioa hobetuko da eta Portuko zerbitzuei eraginkortasun eta efizientzia handiagoa emango zaie
Portuko tren-garraioa sustatzeko, Bilboko Portuko Agintaritzak zerbitzu telematiko berri bat garatu du e-puertobilbao plataformaren barruan, Portuaren lehiakortasuna hobetzeko eta kate logistikoa deskarbonizatzen laguntzeko. ePortua Train zerbitzuak Bilboko Portuan trenean jarduten duten eragileei zuzenduta dago, eta trafiko-arduradunaren, tren-enpresen eta itsas terminalen arteko kudeaketa eta komunikazioa hobetzea ahalbidetuko du.
Zerbitzu berri horri esker, operadoreek asteko eta eguneko planifikazio bat izango dute eskura, eta trenak portuan dituen une garrantzitsuen trazabilitatea denbora errealean; hau da, trena Portuko Sailkapen Geltokira iristen denetik Terminalean kargatzeko/deskargatzeko eskuragarri jartzen den arteko urrats guztiak ezagutuko dituzte; eta alderantziz, Terminalak jakinarazten duenetik trena amaitu dela eta Sailkapen Geltokian kokatzen den arte.
Hala, Portuko trenbide-zerbitzua gardena izango da parte hartzen duten eragileentzat, eta trazabilitate osoa izango da. Horrela, Terminalek beren kudeaketa optimizatu ahal izango dute, eta Portuko zerbitzuen eraginkortasuna hobetzen jarraitu. Informazio guztia etengabe eguneratuko dute eta, beraz, momentuan bertan jakingo dute ere ezustekoren bat dagoen.
Portuko Agintaritzak, Sibport-en bidez, portuko eremuko trafikoa eta maniobrak kudeatzen ditu, urteko 365 egunetako 24 orduetan zerbitzu neutroa, unibertsala eta lehiakorra emateko. Gaur egun, sei itsas terminalek dihardute trenean, eta ontzi-mota dibertsifikatuta dago, edukiontzia, ohikoa, ontziratu gabeko produktu likidoa eta ontziratu gabeko produktu solidoa erabiltzen baitira.
2024an, 4.017 trenek zirkulatu zuten guztira, astean 82 trenek batez beste, eta trenbidez garraiatutako edukiontzien kuota %27koa izan zen. Horri esker, Bilbok lider izaten jarraitzen du portuko sistemaren erabilera-kuotan beste urtebetez.
Bilboko Portutik 22 depotekin konektatzen da, probintzia hauetan banatuta: Araba, Bartzelona, Burgos, Guadalajara, Huesca, Errioxa, Madril, Murtzia, Sevilla, Tarragona, Valentzia, Pontevedra eta Zaragoza.