Bilboko Portuak Onego Deusto ontzia hartu du, Onego Shipping & Chartering ontzi-enpresarena, Rotterdametik eSAIL xurgatze-belekin irten ondoren egin duen lehen geldialdian. Gertaera garrantzitsua izan da hori Portuak berak eta konpainiak jasangarritasunarekin eta itsas garraioaren karbono-aztarna murriztearekin duten konpromisoan. Aurrerapen teknologikoari esker, ontzi hau aitzindaria da haizearen bidezko propultsio lagundua duen breakbulk kargako flotan.
Instalatu berri diren eSAIL belak xurgatze aktiboko teknologiarekin garatu dira, eta, horri esker, erregai-kontsumoa nabarmen murrizten da -% 15eraino baldintza optimoetan-, energia eolikoaren aprobetxamendu adimendunari esker. Ontziaren energia-eraginkortasuna zuzenean hobetzeak berehalako eragina du CO2-en emisioak murrizteko, itsas garraio globalaren deskarbonizazio-behar gero eta handiagoei erantzuten baitie.
Bela jasangarriekin egingo den lehen bidaia honetan, Tubos Reunidos Groupen Net Zero hodi-gamako O-Next hodiak kargatuko dira – soldadurarik gabeko eta 0,0 CO2-emisioko merkatuko altzairuzko lehen hodiak -, Houstongo portura eramateko.
132 metro luzeko Onego Deusto ontzia Bergé Marítima enpresak kontsignatua eta Servicios Logisticos Portuarios – SLP enpresak zamatua. Ontziaren izenak omenaldia egiten dio ontzi-enpresak duela hogei urte baino gehiago Bilboko Portuarekin izan zuen harreman historikoari, Deustuko Kanaleko lehen geldialdi haiei eta portuaren eta armadorearen arteko harreman estuari. Une honetan, hilean bi irteera egiten ditu, batez ere US Gulf, Houston eta New Orleansera, bai eta Karibeko eta AEBko ekialdeko kostaldeko beste portu batzuetara ere.
Halaber, xurgatze-belekin egiten duen lehen geldialdia Bilbaon egitea harreman horren aintzatespena da, Onegorekin dugun aliantza estrategikoa indartzen du, eta industria garbiagoa, arduratsuagoa eta lehiakorragoa sustatzeko helburu komunari laguntzen dio. Era berean, eraginkortasunean, berrikuntzan eta ingurumenarekiko errespetuan oinarrituta Tubos Reunidos Group-ekin duela bi hamarkada baino gehiagotik duten harremana indartzen du.