Bilboko Portuko Agintaritzak beste urte batez parte hartuko du Fruit Attraction azokan. Fruta eta barazkien sektoreko eragile, txikizkari eta profesionalentzat erreferentziazko hitzordua da azoka, eta urriaren 6tik 8ra egingo da IFEMA Madrilen. Ekitaldian 152 herrialdetatik etorritako 2.400 enpresa baino gehiago izango dira, eta 120.000 profesional baino gehiagoren parte-hartzea espero da.
Bestalde, APBko Eragiketa, Merkataritza eta Logistika zuzendaria, Andima Ormaetxe, hizlarietako bat izango da urriaren 7an, 12:30etan, ‘Hotz-katearen berrikuntza: portuek produktu freskoen mundu mailako merkataritzan duten eginkizun estrategikoa’ izeneko mahai-inguruan.
Ormaetxerentzat, Fruit Attraction hitzordu garrantzitsua da Bilboko Portuarentzat: “Kate logistiko eraginkor, fidagarri eta arinen premia handiena duen sektoreetako baten ondoan egoteko aukera ematen baitigu. Gainera, garapena bultzatzen duten joera berrien berri izateko topagune pribilegiatua da, eta, horrela, jasangarritasuna eta berrikuntza sustatzen ditu industrian; biak ala biak oinarrizko zutabeak dira gure Portuaren merkataritza-estrategian”.
Aldi berean, Bilboko Portua 4. pabiloian, 4C1 standean, egongo da, Puertos del Estado erakundearen gunean. Horrela, bere posizioa sendotu nahi du Iberiar Penintsulako fruta eta barazkien kanpo-merkataritzarako Atlantikoko ate gisa. Horretarako, bere azpiegiturak eta zerbitzuak aurkeztuko ditu, baita Amerikarekin dituen zuzeneko bi edukiontzi-konexio berriek eskaintzen dituzten aukerak ere: batetik, Hego Amerikako mendebaldeko kostaldearekin (Dominikar Errepublikan, Kolonbian, Panaman, Perun eta Txilen eskalak eginez), eta, bestetik, Kanadarekin. Bi zerbitzu horiek munduko 900 portu ingururekin lotzen duten itsas-lineen eskaintza zabala indartzen dute; linea horiek presentzia handia dute Erresuma Batuan eta Irlandan, baita Europako iparraldean ere.
Horri, gainera, produktu galkorren trafikoan espezializatutako instalazioak eta esperientzia duten enpresak gehitu behar zaizkio. Mugako Kontrolguneak, 15 aho dituenak, hozte-ekipamendu berriak ditu ganberetan eta zamalanetarako nasetan, eta SOIVRE-rentzat laborategi berriak ere gehitu dira.
Edukiontzien terminalak, Espainiako iparraldeko garrantzitsuena denak, 540 konexio-hargune ditu reefer edukiontzientzat, bai eta sarbide automatizatu bat ere. Horrek eragiketa guztiak arindu eta errazten ditu, eta hori funtsezkoa da mota horretako trafikoetarako. Bilboko Portuak, halaber, ro-ro eta erabilera anitzeko terminalak eta produktu galkorren biltegiak ditu.
Era berean, Frioport hotz-terminalak 4.800 metro koadroko azalera du, -25 gradutan dauden bi izozte-ganberarekin; guztira, 16.300 metro kubikoko edukiera dute. Horrez gain, tenperatura positiboko hiru hozte-ganbera ditu, 7.500 metro kubikoko edukierarekin. Bestalde, Progeco-k salgaiak biltegiratzeko eta lekualdatzeko bi instalazio ditu, guztira 6.000 metro koadroko tenperatura positiboko hozte-ahalmenarekin. Gainera, zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditu hozkailudun edukiontziak biltegiratzeko, mantentzeko eta konpontzeko, urteko 365 egunetan, hotz-katean etenik gerta ez dadin.
Horri guztiari beste abantaila lehiakor batzuk gehitu behar zaizkio, hala nola astero eskaintzen diren edukiontzi bidezko tren-zerbitzuak, Araba, Bartzelona, Burgos, Guadalajara, Huesca, Errioxa, Madril, Murtzia, Pontevedra, Sevilla, Tarragona, Valentzia eta Zaragoza probintzietan banatutako depot edo biltegi logistikoekin.
Porturako sarbidea