Bilboko Portuak Transport Logisticen, Europako azoka logistiko garrantzitsuenean, hartuko du parte ekainaren 2tik 5era, Bilboko Portuko Agintaritzaren, Uniporten eta kluster logistiko multimodalari atxikitako enpresen eskutik, eta VIAL erakusle laguntzaile dela. B4.207 standean, logistika eraginkorragoa eta jasangarriagoa lortzeko zerbitzu, azpiegitura eta soluzio teknologikoetan dituen azken berrikuntzak aurkeztuko ditu.
Jasangarritasuna da Portuaren eta haren enpresen zutabe estrategikoetako bat. BilbOPS proiektua garatzen ari da, kaiak elektrifikatzeko eta ontzien emisioak %40raino murrizteko. Lehen fasea 2026an amaituko da, 4,7 milioi euroko inbertsioarekin eta Suspertze eta Erresilientzia mekanismoaren dirulaguntzarekin; bigarrena, berriz, neurri batean Europako CEF funtsek finantzatua, 50,1 milioira iritsiko da.
Garapenean egindako aurrerapenen artean, aipatzekoak dira jarduera logistikoaren ingurumen-inpaktua kalkulatzeko aplikazio berri bat eta Port Community Systemen barneko zerbitzu bat, tren-plangintza eta salgaien trazabilitatea hobetzeko. Gainera, Portuak adimen artifizialean, Big Datan eta bideozaintza adimendunean oinarritutako teknologia aurreratuak erabiltzen ditu segurtasuna, energia-eraginkortasuna eta ingurumen-kontrola optimizatzeko.
Halaber, Portuak garapen ekonomikoa bultzatuko du, 55,14 milioi euroko inbertsioarekin Kai Mutur Nagusiaren bigarren fasean. Hala, 2027rako 310.000 m²-ko azalera operatibo berria sortuko da.
Atlantikoko korridorearen nodo estrategiko eta energia berriztagarrietan erreferente gisa, itsas korridore berdeagoen eta digitalagoen aldeko apustua indartu du Bilboko Portuak. Hala, Ulermen Memorandum bat sinatu du Amsterdam eta Duisburgoko portuekin, Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Europa erdialdearen artean hidrogeno berriztagarriko korridore bat garatzeko.
Itsas zerbitzuen eskaintza zabalarekin eta Iberiar Penintsulako 22 zentro logistiko baino gehiagorako tren-konexio sendoekin, Bilboko Portuak finkatu egin du garraioaren etorkizun jasangarriarekin konprometitutako hub intermodal lehiakor eta eraginkor gisa duen posizioa.
Atlantikoko korridoreko nodo estrategikoa eta energia berriztagarrietan erreferentea
Atlantikoko korridorean estrategikoki kokatuta, Europa eta mundua lotzen dituen funtsezko plataforma logistiko multimodal bat da Bilboko Portua. Irtenbide malguak eta multimodalak eskaintzen ditu, eta komunitate logistiko oso espezializatua.