Bilboko Portuko Agintaritzaren administrazio-kontseiluak Bilboko Portuaren azpiegitura elektriko berriaren lanak esleitu ditu gaur, 50,1 milioi euroren truke, itsasontziak sarera konektatzeko. Sampol Ingeniería y Obras, Comsa Instalaciones y Sistemas Industriales eta Montajes Electricas San Ignacio enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak egingo ditu lanak.
Proiektu horren bidez, itsasontziek motor osagarriak itzali ahal izango dituzte portura iristen direnean, eta, hala, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztu eta zaratak eta bibrazioak minimizatu ahal izango dituzte, trantsizio energetikoari eta itsas garraioaren deskarbonizazioari laguntzeko.
Lan horiek A1, A2, A6, AZ3, eta Getxo 2 eta 3 kaietan zentratutako elektrifikazio-proiektuaren bigarren fasea eta asmo handienekoa dira. Kai horietan daude edukiontziak, ferryak, ro-pax trafikoa, ro-ro trafikoa eta gurutzaontziak.
Lanek irauten duten bitartean, linea elektrikoak berrindartuko dira, instalazioek 30 MW eskaini ahal izateko. Horretarako, hiru banaketa-zentro, hamaika transformazio-zentro eta hamaika OPS konexio-puntu jarriko dira kaietan. Azpiegitura malgu bat sortzeko, 20 hargune izango dira zerbitzua emateko, ontziek kaian atrakatzen duten puntua edozein dela ere. Halaber, gurutzaontziak porturatzeko eremuaren potentzia handitzeko, Getxoko hirigunean eta azpiestazio elektriko batetik oso urrun dagoenez, 1,34 kilometroko urpeko kablea zabalduko da Santurtzitik.
Orain esleitutako bigarren faseak 24 hilabeteko epea du egiteko, Eraikuntza Proiektua idatzi eta onartu ondoren; beraz, 2027an amaituko da. ‘Europa Konektatzen’ mekanismoak (CEF funtsak) partzialki finantzatzen du, eta gainerakoa Bilboko Portuko Agintaritzaren funts propioek. Halaber, Europako Inbertsio Bankuarekin (EIB) 80 milioiko mailegua sinatu dute, eta horren zati bat proiektu hori finantzatzeko erabiliko dute. Kontsumitutako energiaren zati bat iturri berriztagarrietatik etorriko da, hala nola plaka fotovoltaikoetatik. Horien proiektua 15,6 milioiko lizitazioan atera da.
Bilboko Portuko kaien elektrifikazioa faseka egiten da. Lehen fasea, jada martxan dagoena, 2023ko abenduan esleitu zen, eta Kai-mutur Nagusiko A5 kaiaren elektrifikazioan oinarritzen da. 4,7 milioi euroko inbertsioa eskatuko du, eta Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren 3,9 milioiko dirulaguntza du. Aurreikuspenen arabera, 2026ko lehen hiruhilekoan jarriko da martxan.
Proiektu estrategiko honetan aurreikusitako inbertsioa, guztira, 100 milioi eurotik gorakoa izango da. Batetik, 2023-2026 Plan Estrategikoan planteatutako helburuetan sartzen da, hau da, portu berde bat izatea, enpresak jasangarritasunaren bidean erakarri eta lagunduko dituena; eta, bestetik, Energia Trantsiziorako Planean sartzen da, karbonoa kentzeko mekanismo gisa, Bilboko Portuan 2050erako karbonoan neutroa izango den agertoki baterako.