Bilboko Portuko Agintaritzak jakinarazten du datorren abenduaren 20tik aurrera MSC Mediterranean Shipping Companyk kudeatzen duen Europako iparraldea eta Hego Amerikako mendebaldeko kostaldea lotzen dituen asteroko zuzeneko zerbitzuaren parte izango dela Bilboko Portua.
Zerbitzu berri hori azken urteotako lorpen garrantzitsuenetako bat da Bilboko Portuarentzat, eta nabarmen indartzen du nazioarteko merkataritzarako hub estrategiko gisa duen tokia.
Bilbo izango da Iberiar Penintsulako geldialdiko azken portua, eta Hego Amerikarako bidea hartu aurreko azken-aurrekoa Europan. Horri esker, Hego Amerikako esportazio eta inportazioetarako bidaia-denbora gaindiezinak eskainiko ditu. Gainera, Bilboko kontainer-terminalak orain arte jaso dituen kontainer-ontzi handienekin egingo du lan lineak, eta horrek agerian uzten du azpiegitura eta zerbitzuen gaitasuna eta lehiakortasuna.
“Bilboko Portuarentzat, albiste bikaina eta harrotasun handiko arrazoia da MSC Hego Amerikako mendebaldeko kostaldera zerbitzu zuzen honetan sartzea. Arku Atlantikoko erreferentziazko portu-gune gisa berresten du Bilbok, eta aukera berriak irekitzen dizkio gure inguruko industria- eta esportazio-sareari”, adierazi du Bilboko Portuko Agintaritzako presidente Ivan Jimenezek.
MSCk Bilboren alde egin duen apustuak, gainera, portuaren eta Espainiako iparraldean lehiarik ez duen zerbitzu ozeanikoen sare baten arteko lotura indartzea dakar, Bilboko hinterlandeko karga-bidaltzaileei Hego Amerikako funtsezko merkatuetarako sarbidea erraztuz eta portua balio erantsi handiko plataforma logistiko gisa sendotuz.
“Eskerrik beroenak eman nahi dizkiogu MSCri Bilboko Portuan jarri duen konfiantzagatik eta proiektu hau gauzatzeko elkarrekin egin dugun lan handiagatik. Lerro berri horrek, munduarekin hobeto konektatzeaz gain, gure enpresen lehiakortasuna sustatzen du eta gure ingurunearen hazkunde ekonomiko jasangarriari laguntzen dio”, gehitu du presidenteak.
Halaber, Bilboko Portuko Agintaritzak aintzatetsi egiten du MSCk, portuak berak eta portu-komunitateak luzaroan itxarondako zuzeneko zerbitzu hori erakartzeko eta finkatzeko lan egin duten talde tekniko eta komertzialen lana.
Porturako sarbidea