Ivan Jimenez Bilboko Portu Agintaritzako presidenteak portuen energia-autosufizientziaren alde egin du BBC Business Today saioan egindako elkarrizketa batean, Brasilen ospatzen ari den COP30 dela eta. BBC World News-eko programa ekonomikorik famatuenetako bat da hau, kalitatezko informazio independentean nazioarteko erreferentziak. Honek Bilboko Portuak Europako ardatz atlantikoan eragile garrantzitsu gisa garatzen dituen ekimenak ezagutu nahi izan ditu, jasangarritasunaren, deskarbonizazioaren, digitalizazioaren eta nazioarteko harremanen erreferente baita.
Jimenezen hitzetan “portuek lehiakorrak izaten jarraitu behar dute eta, aldi berean, Europak ezarritako klima-helburuak bete”. Itsas emisioen europar merkataritza sistema 2026an jarriko da indarrean; une horretatik aurrera, ontziek euren emisioen %100 ordaindu beharko dute. Zentzu honetan, “Erresuma Batua, Bilboko Portuaren merkatu nagusia, urte berean sartuko da itsas garraioa bere emisio-eskubideen merkataritza-sisteman, karbono kostuak saihesteko ibilbide desbideratzeei amaiera emanez” adierazi du.
Testuinguru honetan, Bilbo “karbono-arrakala ixteko urrats garrantzitsuak” egiten ari da eta “atzean ez geratzeko elektrifikazioaren aldeko apustua egiten,” ari dela adierazi du. Horrela, 2027rako bere edukiontzietarako, ro-ro trafikorako, ferry eta gurutzontzietarako kaiak elektrifikatuta egongo dira, Europar Batasunak eskatutako epea baino hiru urte lehenago. BilbOPS proiektuari esker, “Bilboko Portuak bere emisioak %40 murriztuko ditu, bere ahalmen elektrikoa bikoiztuz eta 11 lur-hornidura puntu instalatuz”
Portu Agintaritzako presidentearen arabera, “teknologia ez da Europak daukan erronka nagusia, energia berriztagarriaren hornidura eta inbertsioa bermatzea baizik”. Horretarako, Bilboko Portuak 74,9 milioi euroko inbertsioa egin du BilbOPS proiektuan, Atlantikoko lehen AFIR Ready portua izateko. Ekimen hau Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismoak eta ‘Europa Konektatzeko’ Mekanismoak (CEF funtsak) finantzatzen dute neurri batean, eta gainerakoa Bilboko Portu Agintaritzaren baliabide propioekin osatzen da. Halaber, Europako Inbertsio Bankuarekin (EIB) 80 milioi euroko mailegua sinatu dela adierazi du, horren zati bat proiektuaren finantzaketara bideratuko delarik.
Energia-autosufizientzia ere nabarmendu du Jimenezek bere hitzaldian. “elektrizitatea berriztagarria bada soilik ezabatzen ditu emisioak ontziak sare elektrikoari konektatzeak -adierazi du-; horregatik ari gara lanean Bilbok 2030erako erabateko energia-autosufizientzia lor dezan, 50 megawatt sortuko dituzten eguzki eta haize proiektuen bidez”. “Horrela -azpimarratu du-, elektrizitate ekologiko hau geuk ekoizteak emisioak eta ustiapen kostuak murriztuko ditu”.
Era berean, Jimenezek lankidetza publiko-pribatuak duen garrantzia azpimarratu du, “portuek itsas garraio garbiago baterako aldaketa gidatu dezaten, bertako industriari babesa ematen dioten heinean”. Prozesu honetan, Bilboko Portua petrolio eta gas portu tradizional izatetik energia berriztagarrien gune bihurtzen ari da, finantzaketa publiko-pribatuaren laguntzaz. “GNL instalazio bat dugu, 2025ean Europako bio-GNLko lehen proiektu pilotua martxan jarriko da eta hidrogeno berdearen eta erregai elektronikoen ekoizpena garatzen ari gara. Hori guztia gure bezeroei zerbitzua emango dien portu lehiakor eta jasangarri bihurtzeko helburuarekin”, adierazi du.
BBC World News eta BBC Business Today-ri buruz
200 herrialde baino gehiagotan eta 450 milioi etxetik gora heltzen da BBC World, munduan eragin handieneko albiste plataforma, enpresa-komunitatearentzat, nazioarteko inbertsoreentzat, politika publikoen arduradunentzat eta sektore logistiko eta itsasoko erabaki-hartzaileentzat bereziki.
Joera globalen analisi zorrotzagatik, trantsizio energetikoan, nazioarteko merkataritzan eta logistika-kateetan jartzen duen arreta bereziagatik, eta mundu mailako panorama ekonomikoan eragile nagusiei egindako elkarrizketengatik nabarmentzen da BBC Business Today saioa.
Bideorako esteka: https://labur.eus/eyguwza5
Porturako sarbidea