Bilboko Portuak erreferente gisa sendotzen jarraitzen du portuko sektore logistikoan, berrikuntza irekiko ekosistema bat dinamizatuz. Ekosistema horretan, eragileek lankidetzan jarduten dute sektorearen erronkei irtenbide berritzaileak emateko, eta, hala, haien lehiakortasuna eta jasangarritasun ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa hobetzen dira.
Lan horren emaitza gisa, Bilbao PortLabek – Bilboko Portuko berrikuntza-hubak – lagundutako hamaika ideia berritzaile onartu dira Ports 4.0 programaren hirugarren ideia-deialdiko modalitate orokorrean. Hala, 36 dira dagoeneko Ports 4.0-k kofinantzatutako berrikuntzak, zeinak living lab gisa erabiltzen baitute Bilboko Portua benetako proba-ingurune batean garatzeko.
Deialdi honetan onartutako Bilbao PortLabek babestutako hamaika proiektuek berrikuntzak garatu ahal izango dituzte eta TRL 1-2tik TRL 3ra pasa ahal izango dira Kontzeptu Proba bat eginez. Horretarako, 15.000 euroko laguntza izango dute produktu, zerbitzu edo prozesu berriak inplementatzeko, edo lehendik dauden teknologiak hobetzeko osagai berritzaileekin, logistika- eta portu-sektoreari aplikatzekoak hainbat arlotan, hala nola efizientzia logistikoan, ingurumen- eta energia-jasangarritasunean, segurtasunean, prozesuen digitalizazioan eta plataforma adimendunetan.
Hauek izan dira onartutako hamaika ideiak:
- ESTREMek, Cebek-en EKINBARRI ekimenaren laguntzaileak, enpresetan Konpromisoa eta Produktibitatea handituko dituen AA sortuko du, absentismoa murriztuz.
- HUPIk itsasoko biodibertsitatearen adierazgarri diren ingurumen-adierazle espezifikoetan (uhertasuna, klorofila eta hidrokarburoak) portuko jarduerek duten inpaktua denbora errealean ebaluatzeko eta iragartzeko sistema bat sortuko du, satelite bidezko irudietan eta adimen artifizialeko motorretan oinarrituta.
- 360GASek, Fagor Ederlan-ekin elkarlanean, erregai-pilan oinarritutako potentzia handiko sorgailu elektriko baten kontzeptu-proba egingo du.
- AOTECHek, SLPrekin lankidetzan, IoT plataforma bat garatuko du, solteko salgaien kalitatea denbora errealean monitorizatzeko karga- eta deskarga-eragiketetan.
- ZENIT SOLARek konponbide integral baten kontzeptu-proba bat egingo du, portuaren energia-erronka espezifikoei aurre egiteko diseinatua, eta eraginkortasuna, jasangarritasuna eta portu-inguruneko enpresen arteko lankidetza potentziala sustatuko ditu.
- WE ARE CLICKERS, AAn espezializatua, tresna berritzaile bat garatuko du, datuen kalitatea eta eskuragarritasuna nabarmen hobetzeko diseinatua.
- FOLLOW INSPIRATION Portugalen dago, eta robot mugikor autonomo bat garatuko du, muturreko baldintzetan eta, zehatzago, tenperatura hotzetan eraginkortasunez lan egiteko diseinatuta. Robot horrek hozkailu-kameren, biltegien eta hozte-sistemak dituzten fabriken barruan arazorik gabe funtzionatzea ahalbidetuko du.
- SBSk, HECO teknologia erabiliz, itsasontzietan CO2 atzitzeko instalazio bat ezarriko du. Teknologia horrek hondakin alkalinoak aprobetxatzen ditu CO2 eraginkortasunez atzitzeko.
- AUZIKERek txakurren entrenamendurako amuak garatuko ditu Fentanilo antzemateko, drogak detektatzen dituzten txakurrak modu erraz eta batez ere seguruan entrenatu ahal izateko. Drogarekin zuzenean entrenatzearen arriskuak saihestuz, hobeto entrenatutako txakurrak lortzen dira, eta horrek polizien segurtasuna handitzen du konfiskazioak egiteko orduan.
- BIRZIPLASTIKek portuko hondakin plastikoen baliarazteko sistema bat garatuko du, lehengai birziklatu berri gisa.
- ASIMOBek LiDAR eta Ikusmen Artifizialaren konbinazio bat garatuko du, neurri jakin batzuetako garraio berezi batek zirkulatu behar duen bide-azpiegituretan nola eragingo duen zehaztuko duen irtenbide bat lortzeko. Azpiegituraren elementu jakin batzuei eraginez gero, pasabidea mugatzen ari direnak zeintzuk diren adieraziko luke, azpiegitura aldatzea bideragarria den eta horren ondorioak aztertzeko helburuarekin.
Bilbao PortLabi buruz
Bilbao PortLab Bilboko Portuaren berrikuntza-huba da, eta portu adimentsuago, arinago eta jasangarriago baterako trantsizioa erraztea du helburu. 1.400 eragile baino gehiagoko ekosistema du, eta berrikuntzaren katalizatzaile gisa jarduten du, portu-komunitateko enpresen erronken eta irtenbide berritzaileen arteko proiektuak eta konexioak erraztuz. Proiektu, prototipo eta pilotu horiek Living Lab gisa garatzen dira Bilboko Portuan: proba-ingurune erreal bat, adituak, datuak, makinak, espazioak eta eskura dauden beste baliabide batzuk dituena, eta zenbait finantzaketa-deialdiren laguntza.
Ports 4.0-ri buruz
Estatuko Portuak kudeatzen duen Ports 4.0 kapital-funtsak berrikuntza portu-eremura erakartzea du helburu, eta aukera ematen die ekintzaileei, ikertzaileei, start-upei, unibertsitateetako spin-offei, teknologia-enpresa txiki eta ertainei eta korporazio handiei portu-sektore logistikoaren erronkak ezagutzeko eta haiei aurre egiteko. Funts horrek irtenbide teknologiko berritzaileak garatzea sustatu nahi du, produktuak, zerbitzuak edo prozesuak izan, laugarren industria-iraultza gaitzen duten teknologia berriak aplikatuz. Horren guztiaren helburua da Espainiako sektore logistikoaren eta portu-sektorearen lehiakortasuna, eraginkortasuna, jasangarritasuna, deskarbonizazioa eta segurtasuna hobetzea, eta sektore horien digitalizazioa bultzatzea.