Santurtziko Udalak eta Portuko Agintaritzak lankidetza-hitzarmena berritzea adostu dute. Horri esker, datozen lau urteetan 4 milioi euro bideratuko dira udalerrian herritarrek erabiltzeko portu-espazioak hobetzera. Bi erakundeen artean egindako azken jarraipen batzordearen ostean hartu dute erabakia, eta Udalbatzak berretsi beharko du.
Hitzarmenak milioi bat euroko inbertsioa aurreikusten du urtero, hiri-ingurunea, irisgarritasuna eta itsas aurrealderako sarbide publikoa hobetzeko jarduerak garatzeko, portuaren eta udalaren arteko lankidetza estua sendotuz.
Honen harira, Santurtziko alkateak, Itziar Carrocerak, hitzarmen honen garrantzia azpimarratu du, herriko espazio estrategikoak aldatzen eta hobetzen jarraitzeko: “Santurtzirentzat oso albiste ona da. Hitzarmen honen berritzeak gure bizilagunen bizi kalitatea hobetzen duten proiektuetan inbertitzen jarraitzeko aukera emango digu, aldi berean gure udalerriak itsasoarekin duen lotura historikoa indartuz gainera”.
Alkateak azpimarratu du akordioak aukera berri bat dakarrela portuko espazioak herritarren gozamenerako berreskuratzen eta egokitzen jarraitzeko. “Lankidetza horri esker, aurrera egin ahal izango dugu Santurtzi irisgarriagoa, atseginagoa eta zerbitzu publiko hobeak izango dituen udalerria izan dadin. Pasealeku berriez, oinezkoen eta bizikletazaleen mugikortasunaren hobekuntzez, irisgarritasun-jarduerez edo hiri-ekipamenduez ari gara, eta horiek guztiek lagundu egiten dute herria egiten eta herritar guztientzako bizikidetza-espazioak sortzen”, azaldu du.
Hitzarmen honen bidez finantzatu ahal izango diren jarduerek barne hartzen dute Santurtziko portu-titulartasuneko lursailetan hobekuntzak egitea. Aurreko hitzarmenekin halakoak egin dira, hala nola, Mikel Trueba kiroldegia eta Murrieta etorbidea irisgarritasunez hornitu dituen pasabidea; arrantza-portuan aisialdirako eta jolaserako gunea; edo bidegorria Zierbenarantz.
Azken urteetan Udalaren eta Portuko Agintaritzaren artean izandako lankidetza instituzionala ere nabarmendu du alkateak. Lankidetza, hiria hobetzeko proiektu garrantzitsuak gauzatu ahal izan baitira udalerrian. “Administrazioen arteko lankidetza funtsezkoa da proiektu eraldatzaileei aurre egiteko.
Lankidetza instituzionalak herritarren ongizatean eta gure ingurunearen hobekuntzan eragin zuzena duen inbertsio errealaren adibide argia da hitzarmen hau “, amaitu du.
Bestalde, Portuko Agintaritzako presidente Ivan Jimenezek hau adierazi du: “hitzarmen hau berritzeak Portuak Santurtzirekin eta herritarrekin partekatzen ditugun espazioak hobetzearekin duen etengabeko konpromisoa berretsi egiten du. Bi erakundeen arteko lankidetzak erakutsi du tresna eraginkorra dela balio soziala sortzen duten, irisgarritasuna hobetzen duten eta portuko ingurunea udalerriko eguneroko bizitzan integratzen laguntzen duten proiektuak sustatzeko. Elkarrekin lanean jarraituko dugu, herritarren ongizateari eta gure ingurunearen garapen jasangarriari lagunduko dioten jarduerak garatzeko”.
Halaber, Jimenezek gogorarazi du lankidetza horri esker azken urteetan udalerriarentzat eragin handia izan duten hainbat jarduera gauzatu ahal izan direla. “Portua herritarrei gerturatzen eta partekatutako espazioen kalitatea hobetzen lagundu duten proiektuak dira”, adierazi du. Alde horretatik, berretsi egin du Portuko Agintaritzak konpromisoa duela bere ingurune hurbila garatzeko, portuaren eta hiriaren arteko integrazioa, irisgarritasuna eta herritarren gozamenerako eta ongizaterako aukera berriak sortzen laguntzen duten ekimenak bultzatzeko.
Porturako sarbidea