Kai Jai – Portuaren Eguna urriaren 18an itzuliko da, igandea, hamaikagarren edizioa ospatzeko. Aurten, gainera, berritasun garrantzitsu batekin etorriko da: lehen aldiz, Santurtziko arrantza-portura lekualdatuko da. Leku berria, baina betiko esentzia bera. Adin guztietako lagunentzat prestatutako joko, tailer eta erakustaldiz beteriko eguna izango da, bertaratzen direnen dibertsioa bermatzeko ez ezik, Arku Atlantikoko portu nagusiak egiten duen jarduera eta Euskadiko ekonomian duen zeregina ezagutarazteko ere.
Edizioak aurrekoen dinamika berari eutsiko dio, sarrera doakoa eta jarduerak doakoak izango baitira, 10:30etik 14:30era. Orain arte bezala, Kai eta Jai pirata-kapitainak laguntzaile arituko dira, eta haiek gidatuko dituzte bertaratutakoak egun osoan.
Bilboko Portua eta Itsasadarra Fundazioak antolatuta, Kai Jai – Portuaren Eguna jai ludiko-kulturala da, eta aukera paregabea hainbat jardueraren bidez portu-ingurunearen egunerokoa ezagutzeko eta horri buruz ikasteko.
Adin guztientzako programa
Edizio honetako jardueren artean, Bilboko Portura hainbat bisita gidatu antolatuko dira, portuko instalazioetako guneak eta bertan egiten den lana bertatik bertara ezagutzeko. Bisitak 11:00etan hasiko dira, portu-esparrutik bertatik abiatuko den autobus batean. Jarduera horretarako plaza-kopurua mugatua da, eta sarrera egunean bertan eskuratu beharko da.
Portuan lan egiten duten hainbat eragileren lana aitortzeko gunea ere izango da aurten, besteak beste, Gurutze Gorria eta Nautika eta Itsasontzi-makinetako Goi Mailako Eskola. Halaber, Polizia Nazionaleko, Ertzaintzako eta Guardia Zibileko ordezkariek beren egunerokoa nolakoa den azalduko dute. Kamioien erakusketa ere izango da.
Gainerako egitarauak adin guztietarako aukerak eskaintzen ditu: hainbat joko, mota guztietako puzgarriak, ginkanak, tailerrak eta abar. Jaia DJ batek, argiek eta efektuek girotutako Disko Festa batekin amaituko da (13:30etik 14:30era), eta portuko piraten eta abenturen inguruko haurrentzako dantza eta abestiak egongo dira.
Egun osoan, gainera, Ezagutu Portua programaren Ipuin eta Logotipo Lehiaketan irabazle izan diren ikasleei sariak banatuko zaizkie.
Porturako sarbidea