2026ko lehen seihilekoan, 39,8 milioi eurokoa izan da Bilboko Portuko Agintaritzaren negozio-zifra; 2025eko aldi berean, berriz, 37,4 milioikoa. Horrek esan nahi du fakturazioa %6,4 igo dela.
Banku-zorra 69 milioikoa da, eta altxortegiarena 85 milioikoa; horri esker, kaudimenez egin dakioke aurre egun gauzatzen ari diren inbertsio-programari. Erakundearen egoera ekonomiko-finantzarioa sendoa denez, inbertsio estrategikoak garatzen jarraitu ahal izango du hainbat esparrutan, hala nola trantsizio energetikoan, oinarrizko azpiegituran, intermodalitatean, digitalizazioan, berrikuntzan eta portu-hiri integrazioan, betiere finantza- eta kudeaketa-autonomiaren printzipioari eutsiz.
Helburu horrekin, Portuko Agintaritzak 80 milioi eurorainoko mailegu berde bat du, Europako Inbertsio Bankuarekin – Klima Bankuarekin sinatuta. Mailegu hori pixkanaka ari da erabiltzen, inbertsio-programaren aurrerapenarekin bat etorriz. Halaber, 34 milioi euroko dirulaguntza, Europako Batzordearen programa lehiakorrak emandakoak, kaiak elektrifikatzeko, deskarbonizatzeko, berritzeko eta energia-azpiegiturak garatzeko BilbOPS proiektua bultzatzeko.
Portuko Agintaritzak eutsi egiten dio enpresen lehiakortasunari laguntzeko politikari, pizgarrien bidez. Besteak beste, %50eko deskontua egingo die propultsiorako erregai alternatiboak (GNL eta ontzi hibridoak) edo emisio txikiko teknologiak erabiltzen aitzindari diren ontziei, portuan dauden bitartean.
Porturako sarbidea