Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek Washingtongo Smithsonian Folklife Festival-erako antolatutako merkataritza-misioan hartuko du parte BPAk
Bilboko Portuko Agintaritza gogotsu ari da parte hartzen Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek Estatu Batuetara antolatu duten misio ekonomiko eta enpresarialean, Euskadi Washington DCko Smithsonian Folklife Festivalean izango dela aprobetxatuz.
Ekainaren 29tik uztailaren 4ra eta uztailaren 7tik 10era bitartean egingo da jaialdia. Guztira, hamar egunetan egongo da Euskadi herrialde horretako erakusleihorik handienean. Folklife Festival jaialdira gonbidatu duten Europako hegoaldeko lehenengo herrialdea da Euskadi. Bestalde, Euskadiko portu nagusiak, Bilbokoak, harremanak egingo ditu zamaketariekin, eta Baltimoreko portuan izango da bisitan, dagoeneko ozeanoz bestaldeko bere lehen merkatua den herrialdean dituen zerbitzu eta lehia-abantailen berri emateko.
Estatu Batuen eta Espainiaren arteko merkataritza-transakzioen atea da Bilbo, eta bi herrialde horien arteko itsas zirkulazioaren % 26 hartzen du. Hori dela eta, Estatu Batuetako merkaturako itsas sarbide nagusia da Bilboko Portua.
2015ean, Bilboko Portuko zirkulazioa 32,4 milioi tonakoa izan zen. Kopuru horretatik, 2,8 milioi tonak —trafikoaren % 9ren baliokidea— Estatu Batuak izan zituzten jatorri edo helmuga. Iaz, Bilboko Portuaren zirkulazioaren guztizkoa % 5 hazi zen; Estatu Batuak bakarrik kontuan hartuta, berriz, % 13.
Merkantzia hauen zirkulazioa da nagusi Estatu Batuekiko merkataritzan: gasolina, gasolioa, soja-babak, produktu siderurgikoak, petrolio gordina, eraikuntza-materialak, fuel-olioa, makinak, eta ardoak eta edariak oro har.