ADIFek JUNDIZ TERMINAL INTERMODAL ABEEri esleitu dio Gasteiz-Jundizko tren-terminalaren ustiapena. ABEE hori Bilboko eta Pasaiako Portuko Agintaritzek, Medlog Spain Logisticek (MSC Taldea) eta Arabako erakundeek osatzen dute.
Kontratuak sei urteko hasierako ustiapen epea ezartzen du, gehienez hogei urtera arte luzatu daitekeena. JUNDIZ TERMINAL INTERMODAL ABEEk 300.000 GIUko[1] mugimendua planteatzen du lehen sei urte horietan. Progresioa honakoa litzateke: 15.000 GIU lehenengo urtean; 45.000 bigarren urtean; eta 60.000 hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren urteetan. Progresio hori bultzada garrantzitsua izan zen Jundizentzat, 2025ean 4.723 GIU mugitu baitzituen.
Ustiapenak 55.000 m2 inguru hartzen ditu, eta 36.000 m2-ko hormigoizko lauza bat eta buruetan elektrifikatutako hiru bide topera ditu, 7.000 m2-ko azalera hartzen dutenak eta trenbideko zamalanak egiteko aukera emango dutenak.
Instalazioek barne bideetarako 10.515 m2 ere badituzte; 455 m2-ko administrazio eta zerbitzu eraikina eta 530 eta 360 m2-ko inguruko ibilgailu astun eta arinentzako bi aparkaleku.
TERMINAL INTERMODAL JUNDIZ ABEE sozietatearen akzioen banaketa honako hau da: % 40 Medlog-i dagokio, % 25 Bilboko Portuko Agintaritzari, % 15 CTV – Gasteizko Garraio Zentroari, % 15 Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberari, % 2,5 Pasaiako Portuko Agintaritzari eta % 2,5 Servicios Intermodales Bilbaoport, S.L. (Sibport) enpresari.
Jundizko hub logistikoa azpiegitura estrategikoa da aldi baterako enpresa-elkartea osatzen duten enpresa guztientzat. Enpresa horiek helburu hauek dituzte: salgaien tren-garraioa sustatzea, enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzea eta Araba erreferentziazko nodo logistiko gisa finkatzea penintsularen iparraldean, bai eta Atlantikoko Korridore osoan ere.
[1] GIU (Garraio Intermodaleko Unitatea) karga-unitate estandarizatu bat da, eta aukera ematen du salgaiak hainbat garraiobidetatik garraiatzeko, ibilgailua aldatzean barruan duen salgaia manipulatu edo deskargatu behar izan gabe. Barne hartzen ditu edukiontziak, kutxa mugikor egokituak eta erdiatoiak eta plataforma gurpildunak.
Jundiz penintsulako eta Europako garraioa eta logistika egituratzeko Europa Barneko Garraio Sarearen parte da, ‘Gasteiz-Donostia-Baiona-Bordele’ mugaz gaindiko sekzioaren hasierako puntu gisa duen funtzio estrategikoagatik.
Bilboko Portuarentzako eta Euskadirentzako onurak
Bilboko Portuko Agintaritza pozik agertu da esleipen horregatik, eta proiektuak Bilboko Portuaren beraren eta Euskadi osoaren lehiakortasunerako dituen onurak nabarmendu ditu. Halaber, lankidetza publiko-pribatuaren arrakasta nabarmendu du.
“Jundizko tren-terminalaren behin betiko esleipena albiste bikaina da Arabarentzat, Euskadirentzat eta Bilboko Portuarentzat. Asmo handiko proiektu sendo baten aintzatespena da, ikuspegi estrategiko bera dugun erakunde eta enpresen arteko lankidetzaren emaitza”, adierazi du Ivan Jimenez Aira haren presidenteak.
“Bidelagun bikainak aukeratu ditugu, eta orain azpiegitura hau jarduera logistiko eta ekonomikoaren benetako motor bihurtzeko erronka dugu aurrean”, gaineratu du.
Bilboko Portuarentzat, zehazki, Jundiz aukera bat da “gure tren-konektagarritasuna indartzeko, gure hinterlanda zabaltzeko eta irtenbide logistiko lehiakorragoak eta jasangarriagoak eskaintzeko. Araba eta Euskadi Atlantikoko Korridorearen erreferentziazko nodo gisa finkatzen lagundu nahi dugu eta Europarekiko lotura indartu”.
Portuko Agintaritzako presidentearen aburuz, “orain lanari ekin behar diogu, trafikoak sustatu behar dira eta proiektuak duen ahalmen guztia erakutsi behar da”.
Porturako sarbidea