Bilboko Portuko Agintaritzak eta Uniportek, Bilboko portuko eta harekin lotutako enpresen logistika multimodaleko klusterrak, aktiboki parte hartuko dute datozen asteetan bi enplegu-azokatan. Bietan, stand bana izango dute, enpresa elkartuen eskura jarriko dutena.
Parte-hartze hori talentua erakartzea sustatzeko, enpresei langileak bilatzen laguntzeko eta adin guztietako profesionalei aukerak sortzeko helburuaren barruan kokatzen da.
Lehenengo azoka Gazte Talentuaren IV. Enplegu Azoka da. Bilboko Merkataritza Ganberak antolatu du, urriaren 29rako, bere egoitzan. Ordutegia 9:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:30era izango da.
Bigarren hitzordua MerkaLan da, Euskal Enplegu Zerbitzu Publikoaren enplegu- eta prestakuntza-azoka. Lanbidek sustatutako ekimena azaroaren 18an egingo da, kalitatezko enplegua eta prestakuntza espezializatua bultzatzeko helburuarekin. 10:00etatik 17:30era izango da, BEC-en (Bilbao Exhibition Centre).
Logistika multimodalaren sektoreak askotariko profesionalentzako lekua eskaintzen du, sektorearen balio-katea osatzen duten katebegi guztiak hartzen baitituzte beren gain. Horri gehitu behar zaizkio portu-esparruan kokatutako industrietako langileak ere. Izan ere, industria horien lehiakortasuna, osorik edo neurri handi batean, ur-eremurako sarbidean eta sarbide hori ahalbidetzen duten zerbitzu logistikoetan oinarritzen da.
Enplegu-ataria eta lan-eskaintza publikoak
Uniportek eta Portuko Agintaritzak logistika- eta portu-sektorean enplegua sustatzeko hainbat ekimen gauzatzen dituzte. Horien artean dago, batetik, Uniporteko Enplegu Ataria, lanposturen bat bete behar duten enpresa elkartuei zuzendua. Sektorean lan bila ari diren pertsonen curriculumak kontsultatzeko aukera izateaz gain, bete behar dituzten lanpostuak argitaratu ditzakete enpresek. Horrela, lan-eskaintzaren eta -eskariaren arteko lotura errazten dute.
Bestalde, Portuko Agintaritzak iragarki-taula bat du egoitza elektronikoan, eta bertan kontsulta daitezke indarrean dauden enplegu publikoaren eskaintzak: Bilboko Egoitza Elektronikoa – Iragarki-taula.
Porturako sarbidea