Bilboko Portua IAPH Sustainability Awards 2026ko hiru finalisten artean hautatu dute, Klima eta Energia kategorian, ‘Building a Renewable Port Energy Community’ proiektuagatik. Beste bi proposamen finalistak Hanburgoko eta Osloko portuek aurkeztutakoak izan dira.
Izendapen honek aintzatetsi egiten du Bilboko Portuak energia-eredu jasangarriago, eraginkorrago eta lehiakorrago baterantz aurrera egiteko duen estrategia, zeina oinarritzen baita energia berriztagarrien aprobetxamenduan, energia-biltegiratzean, ontzietarako hornidura elektrikoan (shore power) eta energiaren kudeaketa adimendunean.
Proiektuan, Portuko Energia-komunitate berriztagarri bat sortzea proposatzen da, instalazioetan bertan energia sortu eta biltegiratzeko gai izango dena, ondoren portu-komunitateko operadoreen esku jartzeko. Horren bidez, Bilboko Portuak energia-baliabideen erabilera optimizatzea, portuko jarduerarekin lotutako emisioak pixkanaka murriztea eta energia-sistemaren erresilientzia indartzea bilatzen du.
Bilboko Portuak portu eraginkorragoa, erresilienteagoa, lehiakorragoa eta ingurunearekin hobeto integratuta dagoena sustatzeko trantsizio energetikoa eta deskarbonizazioa funtsezko elementu gisa kokatzeko duen ikuspegi estrategikoan sartzen da ekimena.
International Association of Ports and Harbors (IAPH) elkarteak sustatutako IAPH Sustainability Awards sarietan, portu-sektorea eraldatzen eta eredu jasangarriagoetaranzko bilakaera bizkortzen laguntzen duten ekimenak aitortzen dira.
Hautapen-prozesuaren baitan, azken balorazioaren %30 osatzen duen bozketa publikoa egingo da, eta %70 nazioarteko adituen epaimahaiari dagokio.
Urriaren 2ra arte egongo da bozkatzeko aukera World Ports Sustainability Program (WPSP)-en webgunean, eta proiektu irabazlea azaroaren 4an jakinaraziko dute Londresen, World Ports Conference biltzarrean.
International Association of Ports and Harbors (IAPH)
International Association of Ports and Harbors (IAPH) nazioarteko gobernuz kanpoko erakundea da, mundu-mailan portuen interesak ordezkatzen dituena eta portu eraginkorrago, seguruago, jasangarriago eta erresilienteagoetarantz aurrera egiteko lankidetza, ezagutzaren trukea eta jardunbide egokiak sustatzen dituena.
Bere misioa da trantsizio energetikoa eta deskarbonizazioa, digitalizazioa eta arriskuen kudeaketa bultzatzea, eta portuen sektorearen eta nazioarteko beste erakunde batzuen arteko lankidetza indartzea.
Bilboko Portuko Agintaritza IAPHko kide erregularra da 1990az geroztik.
Porturako sarbidea