Bilboko Portuko Agintaritzak, Ertzaintzarekin eta Tepsa, Petronor, Bahía de Bizkaia Gas eta Brittany Ferries-eko segurtasun-alorreko profesionalekin lankidetzan, jardunaldi bat egin du gaur, ezagutzak eta gaitasunak hobetzeko helburuarekin, arriskuen prebentzioari, portuko segurtasun-protokoloei eta azpiegitura kritikoen babesari dagokienez.
Saioan, Fernando González de Peñalba Bilboko Portuko Poliziaren arduradunak eta Joaquín Ruiz Portuko Agintaritzako ISPS Babesaren arduradunak portuko instalazioetan dauden terminal-motak eta planimetriari, emakiden baldintzei eta portu-inguruneari buruzko ezagutzak partekatu dituzte, besteak beste. Halaber, Portuko Poliziaren antolamendua eta funtzionamendua ere aztertu dituzte, baita segurtasun-gorabehera ohikoenen aurrean jarduteko protokoloak ere.
Ertzaintzako profesional espezializatuek, berriz, portuko instalazioetan egiten diren prozedura ohikoenak eta prebentzio-lanak azaldu dituzte, eta agerian utzi dute zeinen garrantzitsuak diren komunikazioak eta kabinete teknikoaren funtzionamendua azpiegitura kritikoen segurtasunerako.
Ondoren, Tepsa, Petronor eta BBGko segurtasuneko profesionalek – kritikotzat jotzen diren hiru azpiegitura, Bilboko Portuan daudenak -, eta Brittany Ferries konpainiakoekin batera, emakida bakoitzaren berezitasunak azaldu dituzte.
Ekitaldia amaitzeko, atoi baten azterketaren erakustaldi praktiko bat egin da, portuko instalazioen eta haietan lan egiten duten pertsona guztien segurtasuna bermatzeko egiten den zeregin ohikoenetako bat.
Porturako sarbidea