Azaroaren 12an, Arabako Ganberako ekitaldi-aretoan egingo da XVIII. Transmodal Foroa. Bilboko Portuko Agintaritzak eta Arabako Ganberak antolatu dute, Howden-en babesletzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Topaketa profesional horren helburua sektore logistikoaren eta intermodalaren hazkundea sustatzea eta lehiakortasuna hobetzea da, esperientziak partekatuta eta jardunbide egokienak ezagututa.
‘Arku Atlantikoa: Iberiar penintsularen eta Europaren arteko konektibitatea’ izenburupean, industria-, esportazio-, garraio- eta banaketa-enpresei eta profesionalei nahiz operadore logistikoei zuzendutako jardunaldiak da, eta Arabako gune logistikoaren eta Bilboko Portuaren ahalmen intermodala ezagutaraztea ere du helburu, bai kokapen geografikoagatik, bai azpiegiturengatik.
Jardunaldiaren hasiera-ekitaldian parte hartuko dute Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberako presidente Gregorio Rojok, Bilboko Portuko Agintaritzako presidente Ivan Jimenezek, Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzálezek eta Eusko Jaurlaritzako ordezkari batek.
Ondoren, Elise Wattrelot Arku Atlantikoko Batzordeko idazkari nagusiak hartuko du hitza, Atlantikoko eremuari eta logistikan duen garrantziari buruz hitz egiteko. Bigarren mahai-inguruak Jundizko Terminal Intermodala izango du hizpide, izan ere, azpiegitura estrategikoa da salgaien trenbidezko garraiorako, enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzeko eta Araba eta Bilboko Portua penintsulako iparraldeko nahiz Atlantikoko Korridore osoko erreferentziazko nodo logistiko gisa sendotzeko.
Networking-a egiteko etenaldiaren ondoren, jardunaldiak ‘Iberiar penintsulatik Europaren eta munduaren gainerakora’ izeneko mahai-inguruarekin jarraituko du. Bertan parte hartuko dute DHL Express Europako Vitoria HUB Manager Network Operations arduradun Carmen Herrerok, Bilboko Portuko Agintaritzako Eragiketa, Merkataritza eta Logistika zuzendari Andima Ormaetxek, Transonuba Taldeko CEO Juan Carlos Fernández Villak, DB Cargo Iberiako Business Development arduradun Pedro Ramosek eta Vidrala Logistics-eko zuzendari Javier de Pradok.
Ondoren, AECOC-eko Garraio arduradun Javier Jasok, Bilboko Portuko Agintaritzako Eragiketa, Merkataritza eta Logistika zuzendari Andima Ormaetxek, ONTIME-ko Nazioarteko Harremanen eta Komunikazioaren zuzendari Ángel Gonzálezek eta Transitaliako eta zama-enpresa bateko ordezkariek beren ikuspegiak azalduko dituzte ‘Kontsumo Handiko sektorerako garraio intermodalaren plana’ izeneko mahai-inguruan. Jardunaldiari amaiera emateko, Bodegas Luis Cañaseko ordezkari batek, DARTESS. HOWDEN-eko merkataritza-zuzendari Álvaro Betanzosek eta Howden-eko ordezkari batek hartuko dute parte ‘Arku Atlantikoko hiru ardogintza-eremu nagusietako ardoaren logistika’ izeneko saioan.
Iberiar Penintsularen, Europaren eta munduaren arteko hub intermodala
Bilboko Portuak, intermodalitatearen aldeko apustuari jarraituz, trenbideko eta errepideko konexio-sare eraginkorra du, eta trenbidearen erabileran erreferente da. 2026ko urtarriletik irailera bitartean, guztira 2.823 tren igaro dira portuko instalazioetatik; horietatik 1.988k salgaiak edukiontzietan garraiatu dituzte. Tren horiek 92.135 TEU mugitu dituzte guztira. Horrek esan nahi du edukiontzien bidezko trafiko osoaren %27 trenbidez garraiatzen dela, eta, horri esker, Bilboko Portua Espainiako portu-sistemako liderra da trenbidearen erabilera-kuotari dagokionez.
Horrez gain, hogeita bi portu lehorrez eta sarbidez osatutako sare zabala du. Sare horrek portua sare nazionalarekin lotzen du Miranda de Ebroraino; han, Burgos-Madril eta Zaragoza norabideetako adarretan banatzen da. Horri esker, portuak Iberiar Penintsula osotik datozen eta bertara doazen mota guztietako salgaiak garraiatzen dituzten tren-konposizioak jaso eta bidal ditzake. Gainera, portuko trenbide-zirkulazioaren kudeaketari dagozkion eskumenak gauzatzen ditu, eta maniobren ardura hartzen du bere gain, astean zazpi egunetan eta egunean 24 orduz zerbitzu unibertsal, neutral eta lehiakorra eskaintzeko helburuz. Portuko instalazioen barruan TECO terminala eta trenak sailkatzeko geltokia ere baditu.
Gasteiz-Jundizko trenbide-terminala
Duela gutxi Adifek Vitoria-Jundizko trenbide-terminalaren ustiapena TERMINAL INTERMODAL JUNDIZ ABEE-ri esleitu dio. Elkarte horretako kide dira Bilboko Portuko Agintaritza, Servicios Intermodales Bilbaoport, S.L. (Sibport), Arabako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganbera eta CTV – Centro de Transporte de Vitoria; baita Pasaiako Portuko Agintaritza eta Medlog Spain Logistic (MSC Taldea) ere.
Kontratuak sei urteko hasierako iraupena du, eta gehienez hogei urtera arte luzatu ahal izango da. Lehen sei urteetan, azpiegitura estrategiko horretan 300.000 UTI mugitzea aurreikusten da. Azpiegitura hori Garraioaren Europako Sarearen parte da, eta funtsezko eginkizuna betetzen du Iberiar Penintsulako eta Europako garraioa eta logistika egituratzeko; izan ere, ‘Gasteiz-Donostia-Baiona-Bordele’ mugaz gaindiko tartearen abiapuntua da. Horregatik, funtsezko elementua da salgaien trenbide-garraioa sustatzeko, enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzeko eta Araba penintsulako iparraldeko zein Atlantikoko Korridore osoko erreferentziazko nodo logistiko gisa sendotzeko.
Izen-emateak: Cámara de Álava
Porturako sarbidea