Bilboko Portu Agintaritzak eta Estatuko Portuak Deustuko Unibertsitatean ospatu dituzte interes orokorreko portu-sistemaren barneko XIII. Jardunaldi Juridikoak. Foro tekniko honek 150 profesional baino gehiago bildu ditu, portu-arloan presidente, zuzendari eta idazkari nagusien ordezkaritza zabalarekin, Estatuko abokatuekin, eta, besteak beste, zerbitzu juridikoetako eta jabari publikoko arduradunekin.
Apirilaren 27an eta 28an ospatutako jardunaldiak Estatuko Portuetako presidente Gustavo Santana Hernándezek, Bilboko Portu Agintaritzako presidente Ivan Jimenez Airak eta Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko dekano José Ramón Intxaurbe Vitoricak inauguratu zituzten. Programaren ardatza izan da araudi-berrikuntzak aztertzea, irizpideak partekatzea eta erakundeen arteko koordinazioari buruzko kasu praktikoak eztabaidatzea. Lehen mailako adituek emandako zortzi hitzaldi izan ditu programak, portu-sistemaren kudeaketa juridikorako funtsezko gaiak jorratuz; besteak beste, Kontratazio Errekurtsoen Administrazio Auzitegi Zentralaren doktrina, portu-jabari publikoaren eraginak eta erabilerak, hirigintza-plangintzaren eta portu-erabileren arteko koordinazioa, eta Estatuko laguntzen aplikazioa portu-sisteman. Estatuko Abokatu Nagusi David Vilas Álvarezek eman dio amaiera topaketari.
Jardunaldi hauek berretsi egiten dute Portu Agintaritzen eta Estatuko Portuen konpromisoa interes orokorreko portu-sistemaren prestakuntza teknikoarekin eta koordinazio juridikoarekin. Helburua da irizpide homogeneoak bermatzea eta portu-kudeaketan euskarri juridiko sendoa eskaintzea, baita administrazioen eta zuzenbidearen arloko profesionalen arteko lankidetza sustatzea ere.
Porturako sarbidea