Hego Koreako Jeollanam-doko Probintziako Gobernuko ordezkaritza batek Bilboko Portuko instalazioak bisitatu ditu, euskal portuan egiten ari diren ekimenak bertatik bertara ezagutzeko. Ekimen horien bidez, trantsizio energetikoak eragindako inpaktuei aurre egiten lagundu nahi zaie bezeroei, bai eta portu-ingurunean garatzen ari diren proiektuak ere, bereziki, trantsizio energetikoari, offshore eolikoari, hidrogenoari eta erregai sintetikoei dagozkienak.
Andima Ormaetxe Bilboko Portuko Agintaritzako Eragiketetako, Arlo Komertzialeko eta Logistikako zuzendariak harrera egin die Koreako ordezkaritza osatzen duten goi-funtzionarioei, eta portuko hinterlandean jarduten duen kate logistikoaren karbono-aztarna murrizten laguntzeko egiten ari diren ekintzen xehetasunak azaldu ditu.
Besteak beste, BilbOPS proiektua, portuan dauden bitartean itsasontziak energia elektrikoz hornitzeko – partzialki iturri berriztagarrietatik, hala nola plaka fotovoltaikoetatik -. Horri esker, 2027an martxan jartzen denean berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuko dira, eta zaratak eta bibrazioak minimizatu. Proiektu horren zati bat ‘Europa konektatzen’ (CEF funtsak) mekanismoak finantzatzen du, eta gainerakoa Bilboko Portuko Agintaritzaren funts propioek. Aipatzekoa da Europako Inbertsio Bankuarekin (EIB) 80 milioiko mailegua sinatu dela, eta zati bat hori finantzatzeko erabiliko dela.
Topaketan nabarmendu diren beste alderdi batzuk hauek izan dira: itsas korridore berde eta digitalak garatzea; Amsterdam eta Duisburgeko portuekin akordioak egitea Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Europako erdialdearen artean hidrogeno berriztagarriko korridore bat ezartzeko; edo Grupo Repsoleko Petronor konpainia portuan bertan eraikitzen ari den erregai sintetikoak eta hidrogeno elektrolitikoa ekoizteko instalazioak.
Era berean, Jeollanam-doko ordezkariek interesa agertu dute Bilboko Portuak hub eoliko gisa betetzen duen funtzioarekiko, bere hinterlandean haize-energiarekin lotutako enpresa ugari baititu, haien balio-kate osorako zerbitzu-hornitzaile eta -ekoizleak barne, eta bereziki garrantzitsuak dira errotorearen eremuak eta aerosorgailuaren nacelle-a, bai eta haiekin lotutako ekipo elektrikoak ere. Energia eolikorako osagaien fabrikatzaile nagusien esportazio- eta ekoizpen-portua da Bilbo, eta salgai-mota horien garraiorako eta logistikarako behar diren gaitasunak ditu.
Haizea Wind – hazteko eta faseka handitzeko planarekin jarraitzeko helburuarekin AZ-2 eta AZ-3 kaietan portuan duen kontzesio-azalera berriki handitu baitu -, Euskalforging, Forjas de Iraeta, Laulagun, Navacel, Nordex Acciona, Sakana, Siemens Gamesa Renewable Energy (Sgre) edo Vicinay Cadenas bezalako enpresek, besteak beste, Bilboko Portua dute nazioarteko bihurtzeko aliatu. Horietako batzuek ekoizpen-instalazioak dituzte portuan bertan, eta kaian bertan instalazioak izatearen abantailez baliatzen dira.
Jeollanam-do-ri buruz
Jeollanam-doko Probintziako Gobernuaren ordezkaritzak Bilboko Portura egin duen bisita SPRI Taldeko Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziak koordinatutako misio baten barruan egin da. Misio horretan, ordezkari korearrak, offshore arloan esperientzia duten euskal enpresekin aliantzak egiteko interesa dutenak, euskal energia-sektoreko eragile publiko eta pribatuekin bildu dira, lankidetza-harremanak ezartzeko. Jeollanam-dok interes estrategikoa du Euskadirekin lankidetza teknologiko eta industrialerako aukerak aztertzeko; trantsizio energetikoaren euskal eredua eta bere politika publikoak ezagutzeko; offshore energiaren balio-katean eragile giltzarriak identifikatzeko; eta bere lurralde-testuinguruan aplika daitezkeen industria-azpiegiturak aztertzeko.
Koreako penintsularen hego-mendebaldean estrategikoki kokatuta, Txina mendebaldean eta Japonia hego-ekialdean baititu, Jeollanam-do sarbide bikaina da nazioarteko merkataritza Hego Koreara eta inguruko herrialdeetara sartzeko. Halaber, Asiako herrialdean itsas energia eolikoa garatzeko ahalmen handiena duen eskualdea da (15 GW, nazioko guztizkoaren %55), eta horri lagundu dio berriki onartu den itsasoko energia eolikoari buruzko lege berriak, zeinak indartu egiten baitu gobernu probintzialaren eginkizuna arlo horretan. 2024an, 252.557 tonakoa izan zen Hego Korearen eta Bilboko Portuaren arteko trafikoa, Asiatik datozen eta/edo hara doazen salgaien %5,7. 2025eko lehen zazpi hilabeteetan, 148.858 tonarekin, Hego Korearen trafiko-kuota %6,7raino hazi da Asiarekiko guztizko merkataritzarekiko.