Euskal Herriko Unibertsitatearekin sinatutako hitzarmenak urrats bat gehiago eman du ingurumena babesteko eta zaintzeko, komunitate fitoplanktonikoaren jarraipena eta zaintza gehitu baititu
Duela hogeita hamar urte baino gehiagotik lortutako datu biologikoen denborazko serie zabalak Abrako portuko uretan dauden komunitate biologikoen bilakaera positiboa islatzen du
Bilboko Portuko Agintaritzak (BPA) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) lankidetza-kontratu berri bat sinatu dute “Bilboko Portuko zaintza biologikoko plana” egiteko. Plan horretan, lehen aldiz, komunitate fitoplanktonikoaren segimendua eta zaintza sartzen dira.
1994az geroztik, Bilboko Portuko Agintaritzak laguntza teknikoa du Portuko Zaintza Biologikoko Plana gauzatzeko. Hasieratik, Euskal Herriko Unibertsitateko Landareen Biologia eta Ekologia Sailaren eta Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailaren ardura izan da. Kontratu berriak lau urteko iraupena du eta esleipenaren zenbatekoa 785.810 eurokoa da.
Portuaren eta Unibertsitatearen arteko hiru hamarkadetako lankidetza horri esker, Abraren kanpoaldeko komunitate bentonikoen (flora eta fauna) bilakaeraren jarraipen zehatza, eta joera orokorren balorazioa egiten da; horrez gain, floraren eta faunaren (espezieen konposizioa eta ugaritasun erlatiboa) eta egituraren mailan gertatzen diren aldaketen azterketa ere egiten da. Era berean, ur-zutabearen karakterizazio fisiko-kimikoa ere egiten da, eta, horretarako, parametro hauen neurketak egiten dira: argiaren itzaltze-koefizientea, gazitasuna, uhertasuna, solido esekiak edo materia organikoa eta ez-organikoa.
Berritasun gisa, 2025-2028 kontratu berrian fitoplanktonaren azterketa sartu da, komunitate fitoplantonikoen egitura eta dinamika ezagutzeko eta espezie kaltegarri/toxiko posibleen presentzia identifikatzeko (sarrera edo irteera potentziala).
Informazio horri esker, Portuko Agintaritzak oinarri zientifiko zorrotza du portuko ekosistemaren eta ingurune hurbilaren egoera biologikoari eta fisiko-kimikoari buruz, eta, era berean, zer presio jasaten dituen identifika dezake. Sistema biologikoen monitorizazio hori da, azken batean, Bilboko Portuko ingurumen-kalitatearen kudeaketaren eta ur-sistemen babesaren oinarria.
Oro har, Zaintza Planaren emaitzek adierazten dute azken urteetan bilakaera positiboa ikusi dela komunitate biologikoen heldutasunean, eta handitze-lanek eta portuko jarduerak ez dutela eragin negatibo orokorrik izan komunitate horietan.
Bilboko Portuko Zaintza Biologikoko Planak estazio-sare zabala du, 21 hain zuzen ere. Estazio horietako 18tan komunitate bentonikoen eta ur-zutabearen parametro fisiko-kimikoen azterketa egingo da, eta guztira 8 sektoretan banatzen dira: 1. sektorea, Luzueroko Punta (PL) eta Seballo Punta (PC); 2. sektorea, Zierbena (ZI) eta Zierbenako dikea (DZ); 3. sektorea, Zierbenako kontradikea 1 (C1) eta Zierbenako Kontradikea (C2); 4. Sektorea; Barne-dartsena 1 (D1) eta Barne-dartsena 2 (D2); 5. Sektorea; Santurtzi (SA) eta Ereaga (ER); 5. Sektorea; Areeta (LA) eta Arriluze (AL); 7. sektorean, Arrigunaga (AG) eta Galea (GA); eta 8. sektorean, Azkorri (AZ), Sopela (SO), Matxilando (MA) eta Kobaron (KO).

Lehen 7 sektoreek portu-eremua hartzen dute gehienbat (Barruko eta Kanpoko Abra), non Ereaga, Arrigunaga eta Galea lurmuturreko estazioak kontrol-estazio baitira, Nerbioiko urek eragindako ondorioak eta portu-jardueren balizko ondorioak bereizi ahal izateko. Halaber, 8. sektoreko 4 estazioak kostalde irekian daude, eta erreferentziako herritzat hartzen dira. Horiek Bilboko Abraren eskuinean (AZ, SO eta MA) eta ezkerrean (KO) daude, eta estuarioak eta portuko jarduerek eragin txikiagoa dute.
Gainerako hiru estazioetan (BIL-1, BIL-2 eta BIL-3), guztiak ere Bilboko Portuko instalazioen barruan, komunitate fitoplanktonikoen karakterizazioa egingo da. BIL-1 Abraren kanpoaldean dago, Luzueroko Puntako dikearen ondoan. Ontziratu gabeko likidoen manipulazioan aritzen da, petrolio-ontziak porturatzean eta deskargatzean. BIL-2 Abraren erdialdean dago, A1 eta A2 kaien artean, eta edukiontziak kargatzeko erabiltzen da batez ere. BIL-3 Abrako eremurik barnekoenean dago, E2 kai-muturraren eta Victoria Erreginaren artean. Karga konbentzionala erabiltzen du, hala nola altzairua eta eraikuntza-materialak.