ALIA Aragoiko Kluster Logistikoko ordezkaritza batek Bilboko Portuko instalazioak eta Aragoirekin konexioak hobetzeko aukerak ezagutu ditu
Aragoiko Kluster Logistikoko (ALIA) ordezkaritza batek Bilboko Portua bisitatu du ostegun honetan, jakintza-trukea, bi eskualdeen arteko lotura logistikoak indartzea eta jasangarritasunarekin eta hidrogenoa energia garbi gisa erabiltzearekin lotutako ekimenak bultzatzea ardatz izan dituen jardunaldi tekniko batean.
Portuko Agintaritzako Eragiketa, Merkataritza, Logistika eta Estrategiako zuzendari Andima Ormaetxek harrera instituzionala egin dio bisitari, eta, ondoren, saio bat egin dute enpresa operadoreek: Consignaciones Toro y Betolaza, CSP Iberian Bilbao Terminal, Bergé Taldea eta Servicio Logísticos Portuiarios – SLP. Informazio saioaren ostean, parte-hartzaileak itsasontziz ibili dira portuko instalazioetan zehar.
“Bilboko Portua aukera estrategikoa da nazioarteko salgaien trafikorako, eta Aragoitik loturak estutu nahi ditugu Zaragozatik tren-zerbitzu erregular berriak eskaintzeko”, nabarmendu du ALIAko zuzendari Ángel Gilek. Aragoiko portu-irteerak iparralderantz dibertsifikatzearen garrantzia azpimarratu du, “enpresei erresilientzia, segurtasun eta lehiakortasun handiagoa bermatzeko”.
Bestalde, Portuko Agintaritzako Eragiketetako, Arlo Komertzialeko, Logistikako eta Estrategiako zuzendari Andima Ormaetxek azpimarratu du “oso eskertuta” daudela Aragoiko enpresen bisitagatik. “Gure garraio zerbitzuak aurkezteaz gain, guretzat aukera paregabea da atzean dauden pertsonak eta gure gauzak egiteko modua ezagutzeko. Uste osoa dugu Bilboko Portuak eta Aragoiko enpresek lankidetza-tarte handia dugula kanpo-merkataritzako eragiketak irtenbide jasangarriagoekin eta erresilienteagoekin egiteko. Helburu horri laguntzen ari gara, garapen intermodal garrantzitsu baten bidez eta terminalak elektrifikatzera eta karbono-aztarna murriztera eta neurtzera bideratutako inbertsioekin”.
Jardunaldian nabarmendu den puntuetako bat izan da hidrogeno berdeari lotutako proiektuek interes partekatua dutela. Aragoiko klusterraren bisita Aragoiko Sustapen Institutuak diruz lagundutako Hy4AR Proiektuaren (‘Aragoiko hidrogenoaren egungo eta balizko eskaeraren azterketa’) barruan kokatzen da. Proiektu horren bidez, Aragoik hidrogenoa non eta zertarako beharko duen definitu nahi da, eta balio-katearen zer aplikazio eskatuko diren detektatu, arreta berezia jarriz industria dualean eta logistikoan, eta aeronautikan eta aeroespazialean.
Bestalde, Bilboko Portua etorkizuneko hidrogenoaren ekoizpen-, biltegiratze- eta banaketa-sareko nodo estrategikoetako bat da, bere ekosistema industrialari eta ahalmen logistikoari esker. Aragoiko ordezkaritzak energia alternatiboak ezartzea errazteko portua egokitzen ari den azpiegiturekiko interesa erakutsi du, baita Hidrogenoaren Euskal Korridorea martxan jartzeko garapenekiko ere.
ALIAk 15. urteurrena ospatzen duen urtean egingo da Aragoiko klusterraren bisita, Aragoik portu-gune nagusiekin dituen loturak indartzeko ekintzen barruan, intermodalitatea eta lankidetza publiko-pribatua sustatzeko lurraldearen garapen logistikoaren ardatz gisa.